EUSKARA
ELAk bat egingo du abenduaren 7an Euskal Herrian Euskarazek deituriko manifestazioarekin

ELAk bat egin du manifestazioaren deialdiarekin. Sindikatua ados da “mundu mailako oldarraldi erreakzionarioa” pairatzen ari garela, eta helburua dela “langileon bizi baldintzak kaxkartzea, emakumeon eskubideak murriztea, sexu disidentziak zigortzea, eta etorkinekiko gorrotoa ereitea”. Are gehiago, Euskal Herrian oldarraldi horrek adierazpen euskarafoboa ere baduela.
Oldarraldi faxista eta euskarafoboari aurre egiteko, zapaldutako herritar guztiok bat egiteko deia egin du Euskal Herrian Euskarazek.
ELAren ustez, euskarak izan behar du mugimendu askatzaileen elkar-komunikaziorako hizkuntza, “euskara baino elementu kontrahegemoniko gutxi baitago”. Sindikatu den heinean, ELAk lantokietan euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen du eta eskubide horri babesa emango dion euskal errepublika baten alde ari da lanean.
Esandako guztiarengatik, ELAk dei egiten die bere militanteei abenduaren 7an EHEk deitutako manifestazioan parte hartu dezaten.