ELAk bat egiten du Euskal Herrian Euskarazek abenduaren 6an Durangon deitutako manifestazioarekin

Azken hamarkadetan euskararen ezagutza EAEn handitu da, Nafarroan apenas, eta Ipar Euskal Herrian nabarmen txikitu da. Hala ere, lurralde guztietan erabilera etengabe gutxitzen ari da hizkuntza hegemonikoen presiopean. Horrez gain, euskaraz bizitzeko eskubidea ezbaian da eraso judizial eta politikoen bitartez. Horren adibide dira Irungo udaltzainen afera, Nafarroako Enplegu Publikorako Eskaintzetako bazterketa, Molac Legearen inpugnazioa edo administrazioetan euskararen normalizazioa galgatzeko egindako zenbait alderdien adierazpenak.
Are gehiago, Auzitegi Gorenak Kataluniako murgiltze ereduari ezarritako mugek edo Espainiako Gobernuak proposatutako ikus-entzunezkoen legearen bidez nazioarteko plataformek erdara inposatzeko aukera legeztatzeak argi erakusten dute espainiar estatuan dagoen uniformizatze nahia. Horren aurrean, Euskal Errepublika baten aldarrikapenak erabateko gaurkotasuna du. ELAk gaurdanik hasi nahi du Errepublika hori edukiz betetzen, horregatik jarraituko dugu lanean euskaraz lan egiteko eskubidearen alde; hor kokatzen du Confebask eta CENi egindako proposamena lantokietan Euskara Planak negoziatu daitezen.
Euskaldunok Errepublika behar dugu, Euskararen Errepublika, eta, era berean, merkatu legeen arabera erdara inposatzen duen sistema ekonomikoa iraultzeko beharra dugu. Horregatik guztiarengatik, ELAk bat egiten du abenduaren 6an Euskal Herrian Euskarazek deituriko manifestaziorekin eta bere militanteei dei egiten die Durangoko Landako gunera bertaratu daitezen arratsaldeko 17:30ean.