ELAk bat egingo du Euskaraldiarekin

2022/11/18
ELAk bat egingo du Euskaraldiaren hirugarren edizioarekin. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra sindikatuko liberatuen %80k baino gehiagok Ahobizi edo Belarriprest izateko konpromisoa hartu dute. Gainera, sindikatuaren egoitzetan Ariguneak ere aktibatu dira, beraz, ostiraletik aurrera, txapa eta Arigune ikurrez josita azalduko da ELA.

Sindikatuan euskararen ezagutza oso handia da, baina erabilera oso bestelakoa da. Horregatik, duela hilabete pare bat Euskaraldia Iraunkorrari ekin zitzaion. Tarte honetan 80 ELAkide euskaraz mintzatu dira ulertzen zuen ororekin, eta barne-dinamika honi amaiera emateko, txapa aldatu eta Euskaraldiarena janzteko momentua heldu da.

ELAk ordezkariak dituen hainbat lantokitan ere Euskaraldian izena emateko eskaera egin da: “Oraindik hastapenetan gaude, baina Euskaraldia aitzakiatzat hartu nahi dugu enpresetan euskararen normalizaziorako planak sustatzeko, besteak beste, langileen euskaraz jarduteko eskubidea berma dadin”, azaldu du ELAko euskara saileko kide Itxaso Pérez Aranburuk.