EUSKARA

ELAk bat egiten du Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitu duen manifestazioarekin

2023/10/18
Euskalgintzaren Kontseilua erakundeak manifestazioa antolatu du azaroaren 4an Bilbon, ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean. Manifestazioa 17:00tan hasiko da Euskalduna Jauregiaren aurrean. Gaur manifestazioaren aurkezpena egin da Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan ELAren ordezkaritza bat izan da.

ELAko euskara arduradun Pello Igeregik azaroaren 4an Bilbora joateko gonbita luzatu die sindikatuko afiliatu eta kide guztiei. Bestalde, Igeregik urriaren 17an jakitera eman zen epaia ere aztertu du. Bertan, EAEko Auzitegi Nagusiak Udal Legea garatzen zuen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu ditu, hain zuzen udal administrazioen euskarazko funtzionamendua arautzeko aukera ematen zutenak. “Espainiako auzitegiek hartutako epai guztien oinarrian gaztelaniaren aldeko supremazismoa dago. Espainiar araudiaren interpretazio honek gogorarazten digu euskaldunon hizkuntza eskubideak soilik estatu propio batean gauzatu ahal izango dira”.

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan-behera utzitako artikuluek udaletxeetan hizkuntza irizpideak arautzeko aukera ematen dutenak dira. Irizpide horien arabera funtzionamendu elebiduna izatea erabaki dezakete, baina baita euskara hutsezko funtzionamendua ere (beti ere euskararen ezagutzarik ez duen herritar edo zinegotzi bat ez badago) eta hau da hain zuzen ekidin nahi duten egoera. Zentzu horretan, epaiak aurrejuzgu bat egiten du, euskara hutsezko funtzionamendua egotea erabakiko dela udaletxeetan.

Aurretik Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako Udal Legearen artikuluek aurreikusten zuten herri euskaldunetan, hala eskatzen zuten langile, herritar edo zinegotzi erdaldun elebakarrek informazioa erdaraz eskuragarri izango zutela. Hau da euskaldunok administrazioetan dugun hizkuntza eskubidea, berariaz eskatzen dugunean euskaraz artatuak izango garela (eta ez beti). Euskaldunok euskarazko zerbitzuak berariaz eskatu behar izatea normaltzat hartzen duen eta gaztelaniazko funtzionamendua %100ean, baita eskatzen ez denean ere, eman beharrekoa den estatu batean bizi gara. Kongresuan erabaki dutena erabakita ere Espainiari euskarafobia dario.

“Epaileek egiten duten Espainiar Konstituzioaren irakurketa honekin euskaldunon hizkuntza eskubideak beti izango dira bigarren mailako eskubideak eta Hego Euskal Herrian elebitasuna ez da posible izango. Hizkuntza eskubide formalak onartzen zaizkigu euskaldunoi, baina eskubide horiek gauzatzerakoan ondorioa ezin da administrazioentzako betebehar bilakatu. Bestelako eskubide zibilekin ez litzateke horrelako diskriminaziorik onartuko, euskararekin aldiz erabat normalizatuta dago zapalkuntza. Espainiako botereen inposaketa politika honen bitartez, euskaldunok Espainia barnean dugun etorkizun bakarra gure nortasun zeinu guztien desagerpen “gozoa” da. Era berean, euskaldunok gure hizkuntza, kultura eta balioak mantentzeko aukera soilik Espainiatik kanpo eta estatu independiente gisa izango dugu”.