ELAk bat egiten dut euskalgintzak Laudioko epaiaren harira deitutako mobilizazioarekin

2022/02/04
ELAk dei egiten die beren militanteei otsailaren 5ean Laudion deitutako mobilizazioan parte hartu dezaten. Protesta ekintza 12:30tan izango da, Udaletxearen aurrean. ELAk epaiaren berri izan zuenean esandakoa berresten du: epaileek ezin dute legerik egin, behin-behineko langile publikoen kontsolidazioa adostu behar da eta adostasun horretan zerbitzuak euskaraz eman ahal izatea bermatu behar da.

ELA ez dator bat Gasteizko epaitegiaren Laudioko Udaleko langile ohiaren hizkuntza eskakizunaren inguruko ebazpenarekin, eta uste du egoera horrek agerian utzi duela bi auziri lehenbailehen heltzeko premia: langileen behin-behinekotasunari eta hizkuntza eskubideei.

Epaileak erabilitako argudioak guztiz iraingarriak dira. Euskara hizkuntza zaila denaren argudioak ez du inolako balio teknikorik, eta iraingarria ere bada euskaraz ikasteko esfortzua egin duten langile guztientzat, zein euskaraz zerbitzua jaso nahi duten herritarrentzat. Epaitegiek berriro ezartzen dizkiote mugak euskararen garapenari. Legea beraiek ari dira egiten, ez parlamentu edo erakundeek, eta kasu honetan ikuspegi erabat euskarafoboa gailendu da.

ELAren ustez, instituzioek ez dute orain arte egoera hau konpontzeko inolako borondaterik eduki. Horregatik, ELAren ustez ezinbestekoa da 10-15 urtetan administrazioak erabat euskalduntzeko akordioa erdiestea. Epe horretan erretiroa hartuko duten milaka langile publikoek aukera ematen dute hori erabaki traumatikorik hartu gabe lortzeko, baina horretarako ausardia politikoa behar da.

Aldi berean, behin-behineko milaka langile publikoen egoera konpontzeko akordioa ere beharrezkoa da. ELAk bi printzipio hartuko ditu aintzat prozesu horretan: kaleratzerik ez izatea eta langile publikoek euskara ikasteko ibilbide bat egitea, horretarako administrazioek behar dituzten baliabideak ezarrita.