EUSKARA
ELAk Bilboko Udala salatuko du LEPetan euskara eskakizunak murrizteagatik

ELAk Bilboko Udala eramango du epaitegietara, deialdietako lanpostuen % 40ra mugatu nahi baitu euskararen eskakizuna, hori agintzen duen epairik ez izan arren. ELAk salatu du ezinezkoa dela arreta eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea eskakizuna lanpostuen %40ra murriztuta. Udalak aurretik argitaratutako 35 eskaintzetan lanpostuen % 70ean baldintza gisa ezarrita zegoen euskara mailaren bat egiaztatzea.
ELAk ez du atzerapausorik onartuko euskara eskakizunetan, are gutxiago hautaketa prozesua baztertzen duen epai irmorik ez dagoenean. ELAk azaldu du CCOOk Udalaren deialdi baten aurka egin zuela, euskara eskakizunak gehiegizkoak zirela iritzita, eta Auzitegi Gorenak oraindik ebatzi ez duen arren, Bilboko Udalak erabaki du deialdi guztiak aldatzea, oposiziogile guztiak kaltetuta.
Udalaren erabakiak jarrera euskarofoboak babesten ditu, eta euskararen eta hizkuntza eskubideen aurkako aktibismoa bultzatu, ebazpenik ez duen inpugnazio batek ehunka lanposturen euskara eskakizunak baliogabetzea lortu duelako.
Are gehiago, sindikatuak kritikatu du azken urteetan ia desagertu egin direla udal laguntzak langileek euskara ikasi dezaten, eta ez dago itzulpenerako programa zehatzik, ez liberaziorik. Gainera, Bilboko Udalak euskararen inguruko araudi propiorik gabe jarraitzen du.
Deialdiak bertan behera utzi eta euskara baldintzak murriztu ondoren, hautaketa prozesu berriak legezko betebehar guztiak alde batera utzita argitaratu dira: dagozkien txostenak eskatu gabe, udal euskara teknikariekin adostu gabe, ordezkaritza sindikalarekin negoziatu gabe...
ELAk auzitegietan salatuko ditu aldaketa horiek, eta Bilboko Udalari exijitu dio atzera egiteko eta hautaketa prozesuak hasiera batean planteatuta zeuden bezala egiteko. Era berean, langileak euskalduntzeko plan bat diseinatzea exijitzen dio, epe jakin batean lanpostu guztietan euskara gaztelania beste eskatzeko helburuarekin, horretarako behar diren salbuespen eta baliabideekin.