EUSKOTREN
ELAk elkarretaratzea egin du euskara eskakizunetan proposatutako atzerapauso larriak salatzeko

ELAk azpimarratu nahi du 2013tik gaur arte B2 izan dela gutxieneko euskara eskakizuna Euskotrenen; horrela berretsi da urtez urte akordio ezberdinetan. Euskaldunek euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea bermatuta ez duten honetan, oso larria da Euskotrenek zerbitzu publikoetarako halako atzerapausoa suposatzen duen proposamena egin izana, are gehiago enpresak euskararekiko konpromisoa Konpromiso sozial korporatiboen artean jasotzen duenean.
Gainera, gai hau oldartsua dela jakinik, enpresak euskara eskakizunen gaineko eztabaida hitzarmen kolektibotik kanpo utzi nahi du. ELAk Euskotrenen dituen ordezkarien ustez, ezinbestekoa da euskara eskakizunen gaineko eztabaida lehen lerroan jarri eta hitzarmenaren negoziaketan txertatzea. Soilik modu horretan baldintzatu ahal izango da behar bezala edukiak lortzea. Enpresak luzatutako proposamenaren ondoren, are eta ageriagoan geratzen da behar hau.
ELAk ez du onartuko euskara bigarren mailako eztabaida izatea eta, noski, ez du inolaz ere onartuko euskararen normalizazio eta administrazio publikoen euskalduntzean atzerapausorik suposatuko duen proposamenik.
Zentzu honetan, sindikatuak enpresari eskatu dio bi eskaera hauek bete ditzan; lehenik, Euskara hitzarmenaren negoziaketako eztabaidagai izan dadila; bigarrenik, egindako proposamenean planteatutako atzerapausoak erretira ditzala.