ELAk enplegu publikoan euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea eskatu du
EH-Bilduk gonbidatuta, ELAko euskara arduradun, Pello Igeregi, Eusko Legebiltzarreko Gobernantza Publiko eta Segurtasun batzordean izan da, Enplegu Publikoaren Legean euskararen eskaera aldatzeko EAJren eta EH-Bilduren proposamenei buruz iritzia emateko.
Igeregik egoeraren diagnostikoa egin du. Bere hitzetan, “langile publiko guztiak gaztelania ezagutzera behartuak daude eta administrazio gehienetan gaztelania da indarrez ezarritako lan-hizkuntza”. Ondorioz, adierazi du, soilik gaztelaniazko zerbitzua bermatzen da eta euskaldunek beren burua nabarmendu behar dute egoera oso zaurgarrietan zerbitzua euskaraz jaso nahi badute. Eta hala ere, nabarmendu du, sarritan ez dute euskarazko zerbitzurik jasotzen.
Aurreko egoera konpontzeko administrazioek pairatzen duten behin-behinekotasun tasa arazo larria dela adierazi du ELAko kideak, “egonkortze oposaketak amaitu ondoren behin-behinekotasun tasa %30etik gorakoa” izango dela salatu du.
Egun indarrean den araudiarekin herritar eta langile euskaldunak bigarren mailako herritarrak direla adierazi du ELAko kideak. Soilik “gaztelaniazko zerbitzua bermatzen da momentuoro” adierazi du Igeregik. Gainera, legediak langile erdaldun elebakarrak euskalduntzeko ez duela baliabiderik eskaintzen salatu du eta ez duela behin-behineko langileak egonkortzeko bermerik ezartzen.
Gauzak horrela, Igeregik eskatu du langile guztiak egonkortu daitezela, erretiroa hartzear daudenek berau hartu dezatela, beti ere, beren erreleboak euskaldunak izango direla bermatuta. Era honetan, langile gazteagoei euskalduntzeko baliabideak eta arrazoizko epeak eskainita eta langile berriak euskaldunak izango direla bermatuta, bi hizkuntza ofizialen eskakizunak parekatuko dituen trantsizio bat gidatu daitekeela defendatu du. Aurreko Eusko Jaurlaritzari eskaintza hau egin ziotela eman du jakitera Igeregik, baina ez zela erantzunik izan. Haren hitzetan, “bestelako jarrera bat izan balitz agian egun pairatzen ari garen oldarraldi judizialaren parte bat ekidin zitekeen”.
Azkenik, Pello Igeregik adierazi du soilik EH-Bilduren proposamenak ematen duela aukera eskatutako trantsizioa gidatzeko, baina proposamenean “behin-behineko langile guztiak egonkortzeko formula bat” jasotzea eskatu du.