Bizkaiko Foru Aldundia

ELAk ez du onartzen ehunka lanpostu arriskuan jartzea euskara eskakizunengatik

2024/02/27
Bilboko epaitegiek 227 lanposturen egonkortzea eten dute, euskara eskakizunak 'proportzioz kanpokoak' direla argudiatuta.

ELAk salatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiko administrazio lanpostuen egonkortzeetako hizkuntza perfilen kontrako epaiak, eta Aldundiari eskatu dio neurri guztiak har ditzala prozesu horiek aurrera jarraitu, eta hizkuntza eskubidea errespetatzeko. Bilboko epaitegiek bertan behera utzi dituzte administrazioko bi promozio prozesu. Guztira, 227 lanposturen egonkortzea dago jokoan. Izan ere, epaileak dio euskararen hizkuntza eskaerak diskriminatzaileak direla euskaraz ez dakiten hautagaiekin.

Gaztelera jakitea derrigorrezkoa da lanpostu guztietan, euskara jakitea batzuetan soilik. Euskararen ezagutza faktore diskriminatzaile moduan hartzen da, beste edozein ezagutzarekin gertatzen ez den bezala. ELAk gaitzetsi du gaztelaniaren erabateko hegemonia inposatu nahi duten epaile, alderdi politiko eta sindikatuak. Herritarrek zerbitzu elebidunak jasotzeko eskubidea dute eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea dute, baina egun gazteleraz aritzera behartuak daude, bai herritarrak, bai langileak.

Era berean, ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak ez duela aldaketarik eragingo eta euskaldunon hizkuntza eskubideak zanpatuak izango direla aurrerantzean ere. ELAk 15 urtetan administrazioa erabat elebiduna izatea galdegin du, erretiroak probestuta administrazioak elebidunak bilakatzeko, eta, era berean, langile guztiak euskalduntzeko formazio eta laguntzak eskaintzea. Eusko Jaurlaritzak uko egin dio horri. ELAk ez du onartuko gaztelaniaren inposaketa ontzat ematea eta euskararen ezagutza pribilegio moduan tratatzea. Langileei zein herritarrei dei egiten die Euskararen aldeko eta oldarraldiaren kontrako mobiliazioetan parte hartzeko.