EUSKARA ADMINISTRAZIOAN

ELAk Jaurlaritzari exijitu dio 15 urtean Administrazio elebidunak lortzeko trantsizioa abiatzea

2023/10/30
Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren arabera, gaztelania lehentasunezko hizkuntza izango da baita aurrerantzean ere, eta ez ditu errespetatuko langile zein herritar euskaldunen eskubideak. ELAk deia luzatzen du azaroaren 4ko Bilboko manifestazoian parte hartzeko.

IRAKURRI ELAREN DOKUMENTUA

Aintzane Orbegozok, ELA-Gizalaneko zuzendaritzako kideak, eta Pello Igeregik, sindikatuko Euskara arduradunak, prentsaurrekoa eskaini dute Administrazioetako euskararen normalizazio dekretuari buruz ELAren iritzia plazaratzeko, eta sindikatuaren proposamenak jakinarazteko EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua txostena aurkeztu dute. Azaroaren 4ko Bilboko manifestazion parte hartzeko deia ere luzatu dute.

Aintzane Orbegozok honako hau salatu du: “Egun, herritarrek ez dute bermerik administrazioetan euskaraz artatuak izateko. Ez da erraza euskarazko zerbitzua eskatzea, eta oso egoera zaurgarrietan eskatu behar dute (polizia kontrol batean, larrialdietan, epaitegien aurrean...). Administrazioak ez daude gaituak euskaraz normaltasunez aritzeko. Adibide gisa, Osakidetzako historia klinikoak erdara hutsean bakarrik bete daitezke. Egoera horren muturreko adibidea Justizia administrazioan aurki daiteke, prozedura judizialetan euskara presentzia %0,1koa da; datu hori zapalkuntza sistematiko baten adierazpena da”.

“Langile euskaldunek -jarraitu du Orbegozok- ere ezin dute euskaraz lan egin, ezta herritarrekin harreman zuzenik ez dutenean ere. Langile publikoak behartuta daude oro har gaztelaniaz lan egitera. Horregatik exijitzen da gaztelaniaren ezagutza lanpostuko publikoen %100ean, eta euskararena soilik lanpostu batzuetan, administrazioen funtzionamendua gaztelaniaz izango dela ulertzen baita”.

Zentzu horretan, “Eusko Jaurlaritzaren dekretu proiektuak egoera hori normalizatu eta arautzen du, berriz ere. Are gehiago, zuzenean debekatu egiten du euskarazko oinarrizko ezagutza eskatzen den lanpostuetan meritu gisa ezagutza handiagoa aurkeztea". Hau da, oinarrizko maila bat eskatzen denean, esaterako B2 maila, hori izango da puntuazioa aitortzeko muga; oposizioa egiten ari denak are euskara maila handiagoa badu, esaterako C1 maila, ez zaio aitortuko ezta meritu gisa puntuatuko ere. "Inork imajina dezake oposizioetan ikasketetan gradua eskatu bai, baina espreski eta legez debekatzea meritu gisa master bat puntuatzea? Bada, hori da Eusko Jaurlaritzak proposatzen duena”.

Pello Igeregik esan duenez, “Eusko Jaurlaritzak sektore euskarafoboen presioari men egin, eta uko egin die hizkuntza eskubideak parekatzeari. Ondorioz, gaztelaniak jarraituko du lehentasunezko hizkuntza izaten. Herritarren kasuan, euskaldunok gure burua nabarmentzen jarraitu beharko dugu euskaraz artatuak izateko, eta langile euskaldunek ezingo dute euskaraz lan egin, gaztelania bakarrik exijituko baita lanpostu guztietan”.

ELAren iritziz, gizarteko beste espazio guztietan bezala, bi hizkuntza ofizialak parekatzeko unea da. Elebitasun unibertsala da horretarako oinarria, euskaldunon zapalkuntza egoera orekatzeko neurri positiboekin batera. Hori da ELAk administrazioetarako proposatzen duena: 15 urteko trantsizio epe bat diseina dadila egungo egoeratik elebitasunera igarotzeko, langileak euskalduntzeko neurri eta baliabideekin. "Helburuetan irmoak eta bidean malguak izateko garaia da", ziurtatu du Igeregik. Xehetasunak daude gaur prentsaurrean aurkeztutako dokumentuan.

ELAk dei egin dio Eusko Jaurlaritzari errepara dezan administrazioetako hizkuntza eskubideen egoerari. "Bestela, gaztelaniaren nagusitasuna normalizatu egiten da", dio Igeregik. "Are gehiago, eskuin mutur politiko eta judiziala oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak inposaketa gisa ikustarazten dituenean".

Hori guztia kontuan hartuta, ELAk azaroaren 4ko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei, hizkuntza eskubideen kontrako epai zein bestelakoei neurriko erantzun sozial eta politikoa emateko.