ELAk, LABek eta Kontseiluak adostu dute beranduenez 15 urtean EAEko administrazio publikoa euskalduntzea

2022/09/26
15 urtean EAEko administrazio publikoak euskalduna izan behar du. Hala uste dute ELAk, LABek eta Kontseiluak. Horregatik, sektore publikoaren euskalduntzeari epemuga ezarri diote eta helburu hori lortzeko proposamenak aurkeztu dituzte. Gauzak horrela, hiru eragileek aurkeztutako dokumentuak neurri zehatzak jasotzen ditu: lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatzea; helburu eta epe zehatzak ezartzea; euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea; langileak euskalduntzeko formazio programa sendoak garatzea; edota zehaztea zein ondorio izango lituzkeen helburuak ez betetzeak. Bestetik, ELAk, LABek eta Kontseiluak larritzat jo dute aste honetan Gasteizko Administrazio Auzitegiak erabaki izana ez dela beharrezkoa izango euskarazko B2 maila egiaztatzea udaltzainen lan poltsan sartzeko. Beste behin, epaileek euskaldunon hizkuntza eskubideak urratu dituztela salatu dute.