EUSKARA

ELAk oso larritzat jo du Getxoko Udalak 5 udaltzain lanpostu berri euskara eskakizunik gabe sortzeko hartutako erabakia

2024/10/23
Sindikatuak mobilizazioak bultzatuko ditu erabakia bertan behera uzteko. Horretarako harremanetan jarri da beste atal sindikalekin eta euskalgintzako eragileekin.

ELAren ustez, Getxoko Udalak 10 udaltzain lanpostu berri sortu izana eta horietatik 5 euskara eskakizunik gabekoak izatea erabaki oso larria da, Udalak herritarren eta langileen hizkuntz eskubidea kaltetzeko hautu garbia egiten baitu. 

“Orain arte hizkuntza eskakizunak kentzeko aitzakia urte luzez lanean aritu diren langileak lana galtzeko arriskua izan da; oraingoan ez dago kaltetutako langilerik eta, hala ere, EAJren, PSE-EEren eta PPren erabakimenez etorkizunean soilik gaztelaniaz lan egiteko beharra eta herritarrekiko harremana euskaraz izatea mugatuko dute”, kexu da sindikatua.

Orain arte ez da izan Lanpostuen Zerrendak aldatzeko beharrik jaso duen epairik. Getxoko udal-taldeak hartutako erabakiak ez du epaitegien mugarik eta aipatutako alderdiek beren erabakimenez hartu dute. 

Sindikatuak gogorarazi du kasu batzuetan, udaltzaingoarekin izaten diren kontaktuetan  herritarrak egoera zaurgarrian daudela, eta egoera horietan erdara soilik ezagutzen duen udaltzainari euskaraz aritzea exijitzea “oztopo gaindiezina” dela euskaldun gehienentzat.

Era berean, sindikatuak gogorarazi du azaldutako hizkuntza eskakizunen ondorioz, Getxoko Udaltzaingoan erdara izango dela lan-hizkuntza bakarra, eta horrek ere euskararekiko urruntasuna eragiten duela.  “Aipatutako hau euskaraz lan egin nahi duten udaltzainekiko erasoa ere bada, ezingo baitute beren hizkuntzan aritzeko eskubiderik gauzatu”, dio ELAk.

Gauzak horrela, oso larria iruditzen zaio Getxoko Udalak onartu izana “pairatzen ari garen oldarraldi judiziala, politikoa, sindikala eta mediatikoa”, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak parekatzeari behin-betiko ezezkoa eman izana. “Getxoko Udala gaztelaniaren erabateko hegemonia bultzatu nahi dutenekin lerrokatu da eta langile zein herritarren hizkuntza eskubideak zapaltzea erabaki du diskurtso supremazisten presiopean”, salatu du.

Hortaz, ELAk Udalari erabakia bertan behera uzteko eskatu dio, eta beste atal sindikalekin eta euskalgintzako eragileekin harremanetan jarri da mobilizazioak bultzatzeko.