ENPLEGU PUBLIKOA

ELAk salatu du EAJren lege aldaketak gaztelaniaren nagusitasuna finkatuko duela

2025/06/23
Sindikatuaren aburuz, administrazioen euskalduntzea ezinbestekoa da. Horretarako, euskararen eta gaztelaniaren exigentzia parekatzea eta administrazioetan lanean ari diren langile guztiek euskara ikasteko baliabideak erraztea eta trantsizio epeak izatea aldarrikatu du. Era berean, sindikatuak EAJren proposamena kontrako norabidean doala salatu du, derrigorrezko hizkuntza bakarra gaztelania izateak, euskaraz lan egitea eta euskarazko zerbitzua jasotzea zaildu egingo duelako.

ELAk adierazi duenez, euskara indarrez minorizatutako hizkuntza izan da gizartean zein administrazioetan. Hori dela eta, ELAk beste edozein zapalkuntza iraultzeko modu bakarra legezko babes nahikoa bermatzea dela ziurtatu du. Bestela, nagusitasuna lortu duenak, normaltasun osoz bere nagusitasuna erreproduzitzen jarraituko duelako. Hala, oraindik ere EAEko administrazio publikoetan gaztelania derrigorrezkoa da lanpostu guztietarako. Bada, ELAk administrazioetan euskarazko eskakizunak kentzeak gaztelaniaren hegemonia eusteko mehatxu bezala du.

Bestalde, sindikatuak gogora ekarri du EAEko administrazio askotan, hala nola Osakidetzan, Justizia administrazioan edo Ertzaintzan, herritarrek ez daukatela bermatuta euskarazko zerbitzua eta langileek ere ez dutela euskaraz lan egiteko aukerarik. Gaztelaniarekin egin bezala, legez euskararen ezagutza exijitzeko hortzimugarik ezarri ezean, eta orain arte bezala sektore euskarafoboen presiopean, administrazioetan nekez egingo da aurrera euskararen normalkuntzan eta herritar euskaldunon hizkuntz eskubideen bermean.

Modu berean, ELAren iritziz EAJren proposamenak ez du balioko euskarak pairatzen ari den epai euskarafoboei aurre egiteko ere, legez ezartzen ez den euskararen jakite-maila epaitegiek jurisprudentzia bidez ezarriko baitute, Espainiako Konstituzioaren irakurketa hertsiaren bidez.

ELAren iritziz EAJk PSE-EEren presio euskarafoboari men egin dio eta horretarako PSE-EEk ez du akordiorik behar izan. Hori dela eta, ELAk baieztatu du euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsan ausartak izateko momentua dela. Beraz, sindikatuak gizartearen gehiengo batentzat bidezkoa eta justiziazkoa dena legez jasotzea eskatu du ELAk:

  • Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea, eta horretarako arrazoizko epe bat ezartzea.
  • Administrazioetan euskararen ezagutzarik ez duten langileentzat, bereziki behin-behinekoentzat, euskara ikasteko baliabideak bermatzea eta euskara ikasteko ibilbide pertsonalizatuak diseinatzea. Eta, era berean, euskara ikasteko saiakera egin eta porrot egin duten edo erretiroa hartzear dauden langileentzat salbuespenak egiteko aukerak ere aurreikusi behar dira.

Sindikatuak, azkenik, hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak erabat bateragarriak direla ziurtatu du eta euskaraz lan egiteko eskubidea lan eskubidea dela ere. ELAk alderdi politikoei epai euskarafoboei aurre egiteko ausardia eskatzen die eta horretarako EH-Bilduk aurkeztutako lege-proposamena oinarri gisa hartzea beharrezkoa dela uste du.