ELAk sindikatu eta patronal nagusien arteko bilera eskatu du negoziaketak euskaraz ere egin ahal izateko
Bestalde, ELAren iritziz Auzitegi Konstituzionalak Enplegu Publikoaren Legearen auzia onartu ez izana pozgarria da, baina zuhurtziaz jokatu beharra adierazi du, gai hau epai euskarafoboak ematen ari den EAEko Auzitegi Nagusira itzuliko baita.
Lan Harremanen Kontseilua erakunde publikoa da eta bere betebeharra da bertaratzen diren herritarren hizkuntz eskubideak bermatzea. Gainera, sindikatuek eta patronalek negoziazio kolektbioaren bidez, Eusko Legebiltzarrak bezala, eginkizun publiko araugilea dute, kasu honetan lan-araudia sortzekoa. Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak hizkuntz eskubideen bermea negoziatzaileen esku uztea ez da bidezkoa.
Lan Harremanen Kontseiluaren funtzioak arautzen dituen legearen arabera, bere egitekoa da negoziazio kolektiboa sustatzea eta esparrutzat Euskal Autonomia Erkidegoa, lurraldea edo sektorea duten hitzarmen kolektiboek egitura egokia izan dezaten bultzatzea. Bada, negoziazioak euskaraz ere egin ahal izateko ez du egitura egokirik eskaintzen. Negoziaketak euskaraz ere egin ahal izateko baliabiderik jartzen ez badu, beste behin euskaraz aritu nahi duten negoziatzaileek jasan beharko dute presio nagusia eta ELAren ustez hau erabat onartezina da.
Ondorioz, ELAk EAEko sindikatu eta patronal nagusien bilera eskatu du, iraileko negoziaketen aurretik interlokutoreen arteko hizkuntz irizpideak eta baliabideak adosteko, argi esanik ELAk 27 negoziaziotan ez diola uko egingo euskaraz aritzeko bere eskubideari.
Negoziazio kolektiboak balio behar du hizkuntz eskubideak ere bermatzeko, ELAren iritziz euskaraz lan egin ahal izatea lan eskubidea baita. Administrazioak eta enpresek baliabideak eta neurriak ezarri behar dituzte hizkuntz eskubideak bermatzeko, hau ezin da norbanako langileen arazo bilakatu, ez langile euskaldunena ezta langile erdaldun elebakarrena. Hori esanik, baliabide ezak ezin du eragin langile euskaldunek beren eskubideei uko egin behar izatea eta hori da, hain zuzen, ELAk sektoreko hitzarmenen negoziaketako ekimenarekin aldatu nahi duena.
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia zuhurtziaz hartu behar da
Honi dagokionez, ELAk adierazi du berri ona dela Auzitegi Konstituzionalak Enplegu Publikoaren Legearen aurkako galdera onartu ez izana, baina erabateko zuhurtziaz aritu behar dela, auzia behin eta berriro euskaldunon hizkuntz eskubideak murrizten ari den EAEko Auzitegi Nagusira bueltatuko baita orain. Auzitegi Konstituzionalak ez du adierazi hizkuntz-profilen sistema egokia den ala ez, besterik gabe ez du konstituziozkotasun zalantzarik azaldu.
Azkenik, ELAk salatu nahi du egungo hizkuntz-profilen araudia ez dela egokia eta ez duela bermatzen langileok euskaraz lan egin ahal izatea eta herritarrek euskarazko arreta jasotzea. Auzitegi, komunikabide, alderdi politiko eta sindikatu erdaltzaleen jardunak ezin ditu euskaltzaleak egungo araudia muga moduan hartzera behartu. ELAk Herritar eta langile euskaldunen hizkuntz-eskubideak bermatuko dituen araudia exijitzen du eta langile guztiak progresiboki euskalduntzeko baliabideak bermatu beharra. Zentzu horretan, EAJk bultzatutako eta EH Bilduk abstentzio bidez onartutako Enplegu Publikoaren Legearen azken aldaketak euskaldunen diskriminazioa iraunaraziko du eta ez du langileak euskalduntzeko baliabiderik eskainiko.