ENPLEGU PUBLIKOA

ELAk txalotu du EH-Bilduren lege-proposamena euskara eta gaztelaniaren ezagutza exijentzia parekatzeko

2025/06/11
Lehen aldiz euskaraz ez dakiten langileentzat plan pertsonalizatuak egitea eta euskara ikasteko liberatzeko eskubidea jasotzen ditu proposamenak, eta honek posible egiten du bi hizkuntza ofizialen ezagutza orokortzea eta, era berean, euskaraz ez dakiten langileentzat lan-ibilbide bat garatzea lana galtzeko arriskurik gabe.

ELAk txalotu du EH-Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko aurkeztutako proposamena. Izan ere, lehenengoz parekatzen ditu euskararen eta gaztelaniaren ezagutza EAEko administrazio publikoetan, eta gainera, administrazioak derrigortzen ditu euskaraz ez dakiten langileei prestakuntza ibilbideak eskaintzera.
“Gogora ekarri behar da gaztelania euskal gizartean hizkuntza hegemoniko bilakatu bada, besteak beste, aginte esparruetatik bere ezagutza inposatu delako izan dela, eta horrenbestez, gutxieneko justiziazko neurria da euskarak eta euskaldunok gaztelerak eta gazteleradunek duten babes bera izatea”, dio sindikatuak.

ELAk, LABekin eta Kontseiluarekin batera, 15 urteko epean lanpostu publiko guztietan euskararen ezagutza orokortzeko proposamena egin zuen publiko, egun lanean ari diren langile guztiak aintzat hartuta. EH-Bilduren proposamenak helburu horri modu egokian erantzuten dio eta, ondorioz, ELAk dei egiten die Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiei lege-proposamen hau babestera.

Bide beretik, sindikatuaren esanetan, “EH-Bilduren proposamenak sektore euskarafoboak asaldatu ditu, eta hauek dikotomia faltsu bat mahaigaineratu dute, hizkuntza eskubideak lan eskubideei kontrajarriz maltzurki”.

Euskara ikasi daiteke, eta ikasten da, dio ELAk, administrazio publikoan lan egiteko eskatzen diren beste betekizun guztiak bezala, eta euskara ikasteko aukerak eskaintzen baldin badira, hizkuntza eskubideek eta lan eskubideek ez dute inongo talkarik egiten. “Sektore euskarafobo hauek dira, era berean, euskararen ezagutza orokortzea oztopatzen dutenak, adibidez hezkuntzan A ereduaren defentsa egiten dutenean euskararen ezagutza bermatzeko balio ez duen arren. Azken finean, gaztelaniaren inposaketa naturalizatu nahi dute, eta bermatu herritar guztiek menperatzen dugun hizkuntza bakarra gaztelania izango dela”, kexu da.

ELAk, lege-proposamen hau babesteaz gain, alderdi politiko guztiei galdegiten die euskara ikastea lan eskubide bilaka dezatela, euskara ikastea erabat doakoa izan dadila eta, era honetan, Euskal Herrian bizi den edozein pertsonak aukera izan dezala lanordutan euskara ikasteko, eskubide berdintasunaren mesedetan baitoa.

Euskaldunek euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatua behar dute bizitzako esparru guztietan, administrazio publikoetatik hasita. Horregatik, Enplegu Publikoaren Legeaz gain, Polizia Legea ere aldatzea eskatzen du ELAk, esparru horretan ere herritarrek beren hizkuntza eskubideak bermaturik izan ditzaten. ELAk ausardia galdegiten die zentzu horretan alderdi politikoei, esparruz-esparru neurriak hartu ditzaten eta sektore euskarafoboei beto eskubiderik aitor ez diezaieten.