HARRO HERRI

ELAkideak ere Korrikarekin bat!

2024/03/11
ELA Korrikako koordinatzaile den Ane Elordi eta AEKren Bizkaiko koordinatzaile den Lurdes Etxezarretarekin bildu da Korrikaren berri izateko eta sindikatuaren atxikipena berresteko. Bi urtean behin euskararekin eta euskaldunon hizkuntza eskubideekin gure atxikipena berresteko aukera ematen du Korrikak. Korrika emozioa da. Korrika nortasun kolektiboa da. Eta Korrika Euskal Herri euskaldun baten aldeko aldarria da. Horregatik ELAk aurten ere bat egingo du Korrikarekin eta beste sindikatu euskaltzaleekin batera langileon kilometroak izango ditugu Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Baionan.

Euskaldunon hizkuntza eskubideak erasotzen ari dira. Eraso judiziala, politikoa eta sindikala pairatzen ari gara. Erasotzaileek euskaldunak zanpatutako hiztunak beharrean pribilejiatu gisa azaltzen dituzte, gaztelaniaren erabateko hegemonia bermatzeko eta indarkeriaz lortu duen nagusitasunari ez diotelako uko egin nahi. Horren ondorio da EAEn hezkuntza lege berriaren bidez euskararen ezagutza bermatuta izango ez duten belaunaldi berriak izatea, Nafarroan atzerriko hizkuntzak meritu gisa jasotzea administrazioetan euskara meritu gisa debekatzen den bitartean edo Ipar Euskal Herrian ikasketa prozesu guztia euskaraz egin duten ikasleek azterketa ofizialak euskaraz egiterik ez izatea.

Korrikak bi urtean behin erakusten du eraso hauen guztien aurrean hemen badela euskaraz bizitzen jarraitu nahi duen herri bat. Horregatik, ELAk langileei dei egiten die Korrikan parte hartu dezaten, beren herrietan eta lantokietan, eta bereziki Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan langileon kilometroetan.