Euskaraldia amaitzean ELA eta LAB-ek lan mundua euskalduntzeko konpromisoa berresten dute

2020/12/03
ELA eta LABek 50 langiletik gorako enpresetan Euskara Planak negoziatu daitezela eskatu dute Euskaraldiaren ataritan eta eskaera hau berresten dute bukaeran ere. Euskaraldiaren ondoren urrats berriak emango dituzte eskaera hau gauzatu dadin.

ELA, LAB eta Kontseiluak azaroaren 2an publiko egin zuten lan mundua euskalduntzeko proposamena. Proposamen umila eta ausarta, enpresetan euskararen egoera aztertzeko biltzea bakarrik eskatzen duena, baina egun euskaldunok lan munduan euskaraz lan egiteko eskubideari begira egoera irauli dezakeena.
Azken 40 urteetan euskaldunon hizkuntza eskubideak inon garatzerik izan ez bada, hori lan munduan izan da. Gaur egun enpresen %1ek ere ez du euskararen erabilera nolabait arautzeko neurriren bat adostuta. Lan munduan diharduten eragileek autokritika egin beharra dute, eta sindikatu zein euskalgintzak beren esku dagoen instrumentua mahaigaineratu dute erronka bideratzeari begira.
Oraindik ere sindikatuek ez dute CONFEBASK, CEN, Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernuen erantzunik jaso. Erantzun hori jaso ezean eta euskararen gaia lantokietan negoziazio-gai bihurtu ezean ELA eta LABek urrats berriak emango dituzte eragile guztiek beren jarrera argitu dezaten.
Euskaraldia ezin da eragile bakoitza zuritzeko ariketa bihurtu, Euskaraldia bukatuta ere euskaldunok euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatuta izan ditzagun urratsak ematea ezinbestekoa da. Norbanakoek egin dute beraiei zegokien ariketa egun hauetan, orain eragile eta gobernuei dagokie beren esku dagoena egitea. Horren eskaera umila onartu eta bultzatu ezean gizarte guztiari iruzurrean ari zaizkiela ulertu beharko dugu.