Euskaraz lan egiteko eskubidearen alde

2017/12/01
Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ELAk Euskal Herriko langileok euskaraz lan egin eta bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du. Administrazio eta patronalei dei egiten dien lantokietan langileon hizkuntza eskubideak bermatzeko urrats eraginkorrak eman ditzaten eta bere konpromisoa adierazten du zentzu horretan lan egiteko.

ELA oso arduratuta dago aurten argitaratutako inkesta soziolinguistikoarekin. Euskal Herriko lurralde batzuetan euskararen ezagutza jaisten ari da, eta ezagutza hazten ari den eremuan erabilera da gutxitzen ari dena. Honen aurrean, beste eskubide sozial eta ekonomiko batzuekin gertatzen ari den bezala, hemen ere hizkuntza-eskubideen indibidualizazioa pairatzen dugu.  Administrazio ezberdinak kanpainak martxan jartzen ari dira, baina kanpaina gehienek gure hizkuntzaren erabilera norbere borondatearen menpe kokatu dute, euskaraz aritzea gure esku bakarrik egongo balitz bezala.

Merkatuaren arauen menpe, interbentzio publiko eraginkorri gabe, euskaldunok ez dugu nahi dugun hizkuntzan bizitzeko askatasunik izango. Administrazio ezberdinei dagokie behar diren baliabide eta neurriak hartzea hizkuntza-eskubideak egikaritzeko testuinguru errealak sor daitezen, beste edozein eskubide sozial edo ekonomikorekin exijituko genukeen legez. Euskara eta euskaldunok kolektiboki izango dugu etorkizuna ala euskararentzat ez da etorkizunik izango.

ELAk bi egoera salatu nahi ditu bereziki. Batetik, hezkuntza alorrean murgiltze ereduen eztabaida piztu beharrean, Nafarroa zein EAEn hirueleko hezkuntza markoak sustatzen ari dira. Bestetik, administrazioetan ez da baliabiderik jartzen langile zein hiritarrek euskaraz aritu ahal izateko, bereziki salagarria da behin-behineko langileak euskalduntzeko dauden oztopoak.

Abenduaren 3ari begira ELAk bi eskaera luzatu nahi dizkie euskal administrazioei:

  • Gure herrian euskara ikasteak doakoa izan behar du berehala.
  • Langileek, bai administrazioetakoek zein enpresa pribatutakoek, euskara ikasi ahal izateko laguntzak behar dituzte, laguntza ekonomikoak eta denborari dagozkionak. Lana, euskara ikasketak eta norbere bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak behar ditugu. Hori egin ezean, bereziki emakumeen kasuan, euskalduntze prozesuak oso konplikatuak izango dira.

ELAk gizarte justu eta solidario baten alde egiten du, gizarte hori gauzatu ahal izateko egungo sistemak inposatutako balioak irauli behar ditugu. Konbentzimendu osoa dugu, elkartasunean oinarritutako gizarte horren imajinarioa kolektiboa sortzeko euskarak egin dezakeen ekarpena ezinbestekoa da. Hegemonikoak ez diren balioak hegemonikoa ez den hizkuntzan sortuko ditugu, ala ez da bestelako gizarterik eraikiko. Abenduaren 3an ELAren konpromisoa zentzu horretan urratsak ematea da, gure klase balioen baitan euskara ezinbesteko osagaia delako.

Euskal Herrian, 2017ko abenduaren 1ean.