Administrazioetan Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Dekretua
Eusko Jaurlaritzak uko egingo dio administrazioetan euskal hiztunen hizkuntza eskubideak parekatzeari
Eusko Jaurlaritzak onartuko du Administrazioetan Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Dekretua. Arau horrek egungoaren funtsezko elementuak ditu, eta aldaketa estetiko batzuk barnebilduta, eutsi egingo zaio euskal hiztunek administrazioetan egun pairatzen duten diskriminazioari. Batetik, euskarazko zerbitzua eskatzeko eskaera espresa egin beharko da egoera zaurgarrietan. Bestetik, herritarrek gaztelaniazko zerbitzua eskatzen ez duten egoeretan ere, langile euskaldunek ez dute euskaraz lan egiteko eskubidea bermatuta izango.
Egun gaztelaniazko ezagutza derrigorrezkoa da lanpostu guztietan, are, langile atzerritarrek ez dute EAEn lan egiterik gaztelaniaren ezagutzarik gabe. Euskararen ezagutza administrazioan bermatzen ez duen indizeari, ordea, eutsiko dio Jaurlaritzak. Edozein administraziok helburu izan beharko luke diskriminazio egoera hori gainditzea, baina Eusko Jaurlaritzak uko egin dio hizkuntza eskubideak parekatzeari.
Presio euskarafoboen aurreko konplexuen ondorio da onartuko den dekretua. Adibidez, euskararen oinarrizko ezagutza eskatzen den lanpostu batean propio debekatuko da hori baino euskara maila handiagoa saritzea, ezingo baita meritu gisa hartu. Inork imajinatzen du lanpostu baten hautaketan ikasketetan gradua eskatu, eta langile batek doktoretza duela esan, eta hori ezin baloratzea meritu gisa, gradua baino maila aurreratuagoa izanagatik ere? Ba hori da, hain zuzen, euskararekin hartutako neurria.
ELAren ustez hurrengo 15 urteetan izango den erretiro kopuruak aukera ematen du administrazioa erabat elebiduna bilakatzeko neurri traumatikorik gabe, egungo langile guztiak kontuan izanik. Eusko Jaurlaritzak uko egin dio administrazio elebidunak lortzeari eta ez du inolako neurririk aurreikusi egungo langileak euskalduntzen laguntzeko.
ELAren ustez, Jaurlaritzak aukera galdua du, eta PSOEren betoen arabera osatu du dekretua. ELAk hauteskundeen ondoren eratuko den gobernuari eskatzen dio berriz ere ekin diezaiola Dekretu horren aldaketari, onar dezan euskal herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen beste dekretu bat.