Irungo Udaltzaingoan euskararen akreditazioa baliogabetzen duen epaiak zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidearen aurka egiten du

2021/05/13
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek baliogabetu egin du Irungo Udaltzaingoaren 12 lanposturen deialdirako euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea. ELAren ustez epaiak herritarren hizkuntza-eskubideen aurka egiten du.

Epaia irmoa izango balitz, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka egoerak okerrera egingo luke Irunen. Hori dela eta, ELAk espero du Irungo Udalak kasazio-errekurtsoa aurkeztea epai honen aurrean, herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko duten eskubidea defendatzeko.

Epaia Administrazio Publikoarekiko zerbitzu eta gestioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuen aurka doa. Epaia Administrazioaren beste eremu batzuetan aplikatzeak berez euskarak arlo horretan duen egoera kezkagarria okertzea ekarriko luke. Hori dela eta, ELAk defentsa irmoa eskatu die administrazioei eta botere legegileari, Administrazioaren edozein zerbitzu euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko.