EUSKARA

ELAk elkarretaratzea egingo du Kutxabankeko presidenteak euskararen aurka esandakoak salatzeko

2025/03/24
ELAren ustez Anton Arriolaren hitzak gezurrezko kontakizun batean oinarritzen dira. Atzerriko pertsonen seme-alabak Euskal Herriratzean ez daude euskara ikastera behartuak; soilik gaztelania ikasten dute derrigor. Elkarretaratzera deitu du ELAk martxoaren 27an, 11:00ean, Kutxabanken aurrean Bilbon (Gran Via, 30)

ELA sindikatuko Kutxabankeko kideak zur eta lur utzi ditu Kutxabankeko presidenteak euskararen inguruan esandakoak. Muga omen da Anton Arriolarentzat.

Horrela esan du Merkataritza Ganbaran emandako hitzaldi batean. Atzerriko profesionalak erakartzeko orduan euskara oztopoa dela uste du Kutxabankeko presidenteak. Adierazpenak ez ditu edozein forotan egin, Kutxabanken izenean hitz egin du, eragile ekonomiko garrantzitsu baten egoitzan.

Anton Arriolak erakundearen izenean hitz egiten du eta bere hitzek Kutxabanketik bezero euskaltzaleak aldendu eta gizarte guztian hizkuntz aurreiritziak hedatu ditu. Kutxabanken ari diren ELAkideek erabat errefusatzen dituzte Kutxabankeko presidentearen hitzak. Kutxabanken bertan Euskal Herrira etorritako hainbat langile daude, enpresan errotu direnak euskara ikasita eta egun profesionaltasun eta harrotasunez hizkuntza erabiltzen dutenak.

Esandakoek ez dute ELA harritu. Kutxabanken urte luzez euskarari eman zaion babes falta erakusten du, besteak beste. Aspalditik dago ELA Kutxabankek euskararen inguruan hartu duen ildoarekin kezkatuta, baina aurreko asteko hitzek muga guztiak gainditu dituzte. Bereziki larria da Kutxabank bezalako erakunde bateko presidenteak gure herriko berezko hizkuntza ofiziala gutxiestea.

Aste gutxi barru Euskaraldia abiatuko da, euskara erabiltzeko ekimen kolektibo handiena. Euskal Herriko kaleak eta plazak Euskaraldirako berotzen hasi dira, eta Kutxabank berak ekimen honetan parte hartuko du. Kutxabankek, gure herriko finantza erakunderik garrantzitsuenak, euskararen inguruan horrelako mezu mingarria zabaltzea kolpe latza da euskararentzat eta euskaltzaleentzat.

Bezero berriak lortzeko helburua eta premia duela behin eta berriro errepikatzen die langileei, baina presidentearen jokabide honek bezeroak uxatzen ditu.

Arriola jaunaren hitzak gezurrezko kontakizun batean oinarritzen dira. Atzerriko pertsonen seme-alabak Euskal Herriratzean ez daude euskara ikastera behartuak; soilik gaztelania ikasten dute derrigor. Zoritxarrez badira aukera euskararen ezagutza bermatzen ez dutenak. Bestetik, euskara Euskal Herrian behin-betiko errotzeko tresna gisa hartu beharrean, Kutxabankeko presidenteak epe laburreko egonaldiak egingo dituen pertsonak besterik ez ditu bilatzen, eta, bide batez, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukerarik izango ez duten pertsonak uxatzen ditu.

Nahikoa dela esateko unea da. Euskara ez da ez traba, ez oztopo ezta muga ere, eta Kutxabankek Euskal Herriko gehiengo euskaltzalearekin konektatuko duen presidentea merezi du.