ADMINISTRAZIO PUBLIKOA

Langile publikoak euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko mobilizatu dira

2026/02/02
Langile publikoak euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko mobilizatu dira
'Euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez’" lelopean, ELAk alderdi politikoak eta erakundeak interpelatu ditu sektore publikoa euskalduntzeko neurriak har ditzaten.

Sektore publikoan euskaraz lan egiteko eta euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko elkarretaratze jendetsuak burutu dira EAEko osasun zentroetan, eskoletan, zein Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundietako eta hiru hiriburuetako udaletxeetako egoitza nagusietan. Euskararik gabe kalitatezko zerbitzua ezin dela eskaini protesta egin dute langileek. Otsailaren 3an jarraipena izango dute mobilizazioek Iruñean.

ELAk adierazi duenez, “epai eta diskurtso euskarafoboek euskara bigarren mailako hizkuntzatzat jo duten honetan, ezinbestekoa da kontrako norabidea egitea eta euskararen eta gaztelaniaren ezagutza parekatzea. Honek ekarriko du herritarren arteko berdintasuna eta kohesio soziala. Horretarako, langileen parte-hartzea eta mobilizazioa indartzea ezinbestekoa da”.

“Agintariek eta alderdi politikoek neuri zehatzak hartzea ere ezinbestekoa da. Une honetan Eusko Legebiltzarrean eztabaidan dauden bi lege proposamenen aurrean, parekatze hori bermatuko duen eta estatuko injerentziatik babestua egongo den legea behar dugu eta horren alde egitea eskatzen diogu legebiltzarkideei”.

Mobilizazioak testuinguru kezkagarri batean datoz. ELAk berriki salatu du Eusko Jaurlaritzak euskararekiko duen jarrera. Izan ere, 115.000 langile publikoen baldintzak eztabaidatzeko Mahai Orokorrean, -Osakidetza, Ertzaintza edo Lanbide Heziketakoak kasu- euskararen aurkako erasoak erlatibizatu eta langileak euskalduntzeko neurriak eta baliabideak hartzeko asmo gutxi erakutsi zuen. Gauzak horrela, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio jarrera aldatzeko.