Nafarroako Gobernuak euskarazko hezkuntza baztertzen du Lanbide Heziketako ikasketetan

2021/05/13
"Lanbide Heziketa Nafarroako gazteen prestakuntza-ibilbidean arrakasta izateko aukera gisa finkatzen den bitartean", Hezkuntza Departamentuak berriz ere alde batera utzi du euskarazko hezkuntza, Nafarroako berezko hizkuntza dena, bertako murgiltze-ereduan ikasleen % 25ek ikasi arren, eta ingelesezko erdi-murgiltze txapuza bultzatzen du.

Datozen egunetan hasiko da lanbide heziketako matrikulazio epea. Inoiz baino ikasle gehiagok eta eskaintza zabalagoarekin hasiko dituzte ikasketa hauek. Baina ziklo berrien %10 soilik eskainiko da euskaraz, orain arteko joerari baztertzaileari jarraipena emanez. Gainera, Iruñerriako eskaintza ez da ia zabaldu, euskaldun gehienak bertan bizi diren arren.

Hau horrela Gobernuak euskarari ematen dioten tratamendua gero eta gehiago urruntzen da edozein hizkuntzak behar duen tratu normalizatu eta demokratizatutik, eta ez ditu nafar askoren hizkuntza eskubideak bermatzen. D ereduko ikasleak euskaraz ikasten jarraitzeko eskubiderik gabe uzten ditu.

Bestetik, ingelesez irakasten diren arloak dituzten zikloak ezarriko dituzte lehenengoz. Honekin Estatu mailan eta Nafarroan bertan hain eztabaidatuak diren PAI bezalako programei jarraipena eman nahi dio Gimeno kontseilariak. Goi Mailako 10 ziklo berrietatik 7 izango dira gaztelaniaz eta ingelesez, %70a. Jakina da programa hauek kaltegarriak direla ikasleentzat; izan ere, atzerriko hizkuntza ikas daiteke ere, munduko gainerako herrialdeetan bezala, ingelesez ematen diren ikasgaietan gaitasun gutxiago eskuratu gabe eta zailtasun gehien dituzten ikasleak bereizi gabe.

Irakasleen lan baldintzak ere nabarmen okertzen dituzte. Programa hauek emateko behar den titulazioa lortzen ez duten irakasle finkoak desplazatuak izaten dira; behin-behinekoak lanik gabe gelditzen dira eta lanpostu hauek EPE bidez finkatu ez daitezkeenez, ezegonkortasun handia sortzen da ikastetxeetako plantiletan, honek guztiak hezkuntza kalitatean eragin zuzena izanik.

Honengatik guztiagatik ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio bertako hizkuntza den euskara normalizatzeko eta nafarren hizkuntza eskubideak bermatzeko (familien eskaerei erantzunez) D eredua bultza dezala Lanbide Heziketan ere, Nafarroa osoan zehar eta konkretuki Iruñerrian ere.

Bestetik, eskatzen dio PAI bezalako programak eta hezkuntza modalitateak bertan behera utzi ditzala. Honen ordez Hizkuntzen Tratamendu Integraturako programa bat ezar dezala ikastetxe bakoitzean (dituzten hizkuntza-ereduen arabera), hizkuntza bakoitzean ikasitakoak beste hizkuntza ikasgaietan eragin positiboa izan dezan.