EUSKARAREN AURKAKO OLDARRALDIA

PSE-EEren eta beste eragile euskarafobo batzuen presio kanpainaren amaiera eskatu dute Bilbon

2026/05/09
PSE-EEren eta beste eragile euskarafobo batzuen presio kanpainaren amaiera eskatu dute Bilbon
ELAk, LABek eta Steilasek deitutako manifestazioan, alderdi politikoei eta, bereziki, EAJri eskatu diote ez dezala onartu PSE-EEk hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa egiterik. Gauza bera aldarrikatuko dute ekainaren 13an Iruñean egingo duten manifestazioan.

ELAk, LABek eta Steilasek Bilboko kaleak bete dituzte, PSE-EEk euskararen aurka egindako presio kanpainaren aurka. Azken hilabeteotan, PSE-EE eta beste eragile euskarafobo batzuk eragile eta sindikatu euskaltzaleen aurkako kanpaina abiatu dutela adierazi dute deitzaileek. Lehenik eta behin, salatu dute administrazioetan hizkuntza eskakizunak ezabatu nahi dituztela. Gauzak horrela, euskararen eta gaztelaniaren estatus juridikoa parekatzea exijitu dute Bilboko kaleetan. ELAk, LABek eta Steilasek uste dute Enplegu Publikoaren Legeak hiru printzipio jaso behar dituela: euskararen eta gaztelaniaren eskakizuna parekatzea; parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea; eta erabakitzen den eta arrazoizkoa den aldian euskaraz ez dakiten langile publiko guztiak euskalduntzeko aukerak, denbora eta baliabideak eskaintzea.

Halaber, legeetan erabaki atzerakoiak salatu dituzte, baita Korrikaren aurkako komunikazio kanpaina ere. Horrekin batera, kexu dira ELA eta LAB esparru sozioekonomikoko eztabaida batzordetik kanporatu dituztelako edo alderdi sozialistak manipulazio kanpaina egin duela EH Bildu akordioetatik kanpo uzteko.

Gauzak horrela, ELAk, LABek eta Steilasek dei egiten diete alderdi politikoei eta, bereziki, EAJri PSE-EErekiko harremanak hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoan ez oinarritzeko.