PSE-EEren eta beste eragile euskarafoboen presio kanpaina gainditzera deitu dute ELAk, LABek eta Steilasek
Azken hilabeteetan eragile eta sindikatu euskaltzaleen aurkako kanpaina egiten ari dira PSE-EE eta beste eragile euskarafobo batzuk. Eragile hauek iraganeko posizioetan atzera egin dute: uko egin diote administrazioetan eta gizartean hizkuntz eskubideak progresiboki parekatzeari eta euskara gaztelaniaren menpeko hizkuntza gisa betikotu nahi dute.
Orain 40 urte PSE-EE eta beste eragileak ados zeuden gizartearen euskalduntze progresiboa eman beharra zegoela, orain hori gauzatzeko neurriak adosterakoan beto eskubidea ezartzen dute. Hala egin zuten Hezkuntza Legean euskalduntzea oztopatzen dute A eta B ereduak inposatu zituztenean eta hala ari dira orain administrazioetan euskararen eta gaztelaniaren exijentzia progresiboki parekatzea eskatzean. Eragile hauek guztiak euskararen alde azaltzen dira, beti ere gaztelaniaren menpekoa den bitartean.
Kriminalizazio kanpaina horretan kokatu behar dira, besteak beste: administrazioetan hizkuntz eskakizunak kentzeko kanpaina antolatua, epaileen doktrina aldaketa atzerakoiak, Korrikaren aurkako komunikazio kanpaina, ELA eta LAB eremu sozioekonomikoko eztabaida batzordetik kanporatu izana edo, atzo gertatu bezala, PSE-EEk EH-Bildurekin akordioak egin ez daitezen manipulazio kanpaina.
ELAren, LABen eta Steilasen iritziz, kanpaina honek sakoneko eztabaidatik aldentzea dakar, eta edukiei buruzko eztabaida egin beharrean eragile euskaltzaleak ustez muturreko posiziotan daudela aditzera ematea, ondoren PSE-EEk eta gutxiengo sindikalak beto eskubidea izan dezan. PSE-EEk beto eskubide hori gauzatu nahi du gaztelaniaren nagusitasuna betikotzeko.
ELAren, LABen eta Steilasen iritziz Enplegu Publikoaren Legearen baitan hiru printzipio bete behar dira:
-
Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea.
-
Parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea.
-
Zehaztutako epemuga horretan euskararik ez dakiten herri-langile guztiei euskalduntzeko aukera, denbora eta baliabideak eskaintzea.
Proposamen honek hizkuntz eskubideen parekatze progresiboa posible egiten du, euskararik ez dakiten langile guztiei euskalduntzeko aukerak emanez. Soilik horrelako proposamen batek egiten du posible lan eskubide guztiak errespetatzea, hau da, inoren lana arriskuan ez jartzea euskalduntzeko aukera errealak eskainiz eta langileek euskaraz ere lan egiteko eskubidea izan dezatela.
Pasaden astean Eneko Andueza, asteburuan Mikel Torres eta PSE-EEren adierazpen guztiek argi uzten dute euskaltzaleen posizio politikoak manipulatzen ari direla. ELAk, LABek eta Steailasek alderdi politikoak deitzen dituzte eta, bereziki, EAJ PSE-EErekiko harremanak hizkuntz eskubideen zapalkuntzan ez oinarritzera.
Azkenik, kriminalizazio eta manipulazio kanpaina honen aurrean euskaltzaletasuna antolatzera deitzen dute ELAk, LABek eta Steailasek, lehenbizi, maiatzaren 9an Bilboko kaleetan eta, ondoren, ekainaren 13an Iruñean.