Euskal Kontseilua

Sindikatuen babesik gabe, aurrera doa administrazioetan euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatuko ez duen dekretua

2023/12/13
Euskal Kontseiluko ELAko hiru ordezkariek ezezko botoa eman diote Jaurlaritzaren dekretuari. Jaurlaritzak ez du funtsezko elementurik aldatu euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Auzitegien epaiak bere egin ditu eta, ondorioz, dekretuko hainbat pasartetan atzerapausoak ditu

Eusko jaurlaritzak Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko egindako Dekretua aztertzeko Enplegu Publikoaren Euskal Kontseilua bildu da, gaur, abenduak 13 Gasteizen. Urkulluren gobernuak 5 ordezkari ditu kontseiluan, Aldundiek ordezkari bana, EUDELek hiru, EHU/UPVk ordezkari bat eta sindikatuak 6 ( ELA 3, LAB 1, UGT 1, CCOO 1) . Bertan, ELAko hiru ordezkariek ezezkoa eman diote Funtzio Publikoko Sailburuordeak aurkeztutako testuari, administrazioetan euskal hiztunen hizkuntza eskubideak ez direlako parekatzen. Hala ere, Jaurlaritzak adierazi du aurrera jarraituko duela dekretuarekin.

Dekretuaren negoziaketa prozesuan, ELAk hainbat ekarpen eta alegazio jarri ditu mahai gainean, azkenak azaroaren 14ean. Gaur aurkeztutako testua, ordea, Jaurlaritzak azaroaren 27ko mahai orokorrean aurkeztutaku bera da. Ondorioz, ELAK egindako funtsezko ekarpenak ez ditu barnebiltzen. Horrela, ez da arautzen langileak euskalduntzeko formazio eta baliabiderik, ez da jasotzen trantsizio epe baten ondoren langile guztiak elebidunak izango direnik, ez dago langile erdaldun elebakarrek trantsizio hori burutu ahal izateko laguntza eta neurririk, edo ez da onartu hizkuntza eskakizunen exijentzia zuzendaritza postuetatik hastea.

Funtsezko gaiei ezezkoa emateaz gain, Eusko Jaurlaritzak men egin die hilabeteotako epaitegien ebazpenei, horietako asko oraindik irmoak ez diren arren. Ondorioz, euskara erabiltzeko dauden zailtasunei aurre egiteko neurri orekatzaileei uko egin die. Esaterako, administrazioek ezin izango dute arautu agurra lehentasunez euskaraz egitea, jakin arren administrazio askotan euskal hiztunak ez direla euskarazko zerbitzua eskatzera ausartzen.

Atzerapausoen beste adibide bat da 24.3 artikulua: “Euskal sektore publikoko entitateek euren hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideetan jaso dezakete ezen hizkuntza eskakizuna nahitaezkoa duen lanpostu bat betetzen duten langile guztiek euskara ere lan hizkuntza gisa erabili beharko dutela, hizkuntza eskakizuna egiaztatuta badute”. 'Ere' hori gehituta, zera ezarri dute: gaztelania izango da derrigorrezko lan hizkuntza, eta euskara ere derrigortzeko aukera izango da, beti ere gaztelera bermatuta bada.

Era berean, argitu dute euskarazko hizkuntza eskakizunen derrigorrezko indizearen interpretazioa. Horren arabera, derrigorrezko indize hori soilik salbuespenez eta prozedura korapilotsu baten bitartez gainditu ahal izango da. Hots, orokorrean euskarazko derrigortasun indizea gehienezko muga izango da, baina administrazio gehienetan lanpostu guztietan gaztelaniaren ezagutza derrigortuko da. Euskararen ezagutzak salbuespenezkoa izaten jarraituko du administrazioetan: bi hizkuntzen estatusa parekatu beharrean, lehen eta bigarren mailako langile eta herritarrak betikotuko dira.

Ondorioz, ELAk Jaurlaritzari eskatu dio, beste behin ere, Dekretua bertan behera utz dezala. ELAk badu proposamena hizkuntza eskubideak parekatzeko, inori kalterik eragin gabe, baina Eusko Jaurlaritzak sektore euskarafoboei beldur die. Hizkuntza eskubideak parekatzeko garaia da, eta Eusko Jaurlaritzak bide horri ekin diezaion galdegin du ELAk.