Udaltzainen lan poltsan B2 hizkuntza eskakizuna beharrezkoa dela oroitarazi du ELAk, ororen hizkuntza eskubideak errespetatzeko

2021/10/25
CCOO Euskadik Udaltzaingoen lan poltsari B-2 hizkuntza eskakizuna eskatzeagatik jarritako errekurtsoaren aurrean, ELAren ustez ulergaitza da sindikatu horren jarrera. Izan ere, eskakizun hori ohiko baldintza orokorra izan da Lan Eskaintza Publiko (LEP) bateratuarekin bat egin duten toki administrazio guztietan, eta herritar guztien hizkuntza eskubideak ez errespetatzera bultzatzen duten kanpainen baitan baino ezin da ulertu.

Horregatik, ELAk honako hau oroitarazi nahi du:

  • Euskararen B-2 profila Udaltzaingoaren aurreko enplegu prozesuetan eskatu izan da, bai lan poltsetarako, bai LEPerako. Orain arte egin diren bi LEP bateratuetan (Ertzaintza- Udaltzaingoa), adibidez, Udaltzaingoarentzako plaza guztiek B-2 eskaera zuten.
  • Eskaera hori ohikoa eta orokorra izan da Udaltzaingoan egin diren LEPetan, prozesuan parte hartu duten toki erakundeetako Lan Postuen Zerrendak hala eskatzen baitzuten.
  • Ertzaintzako kide izateko eskakizun hori ezinbestekoa izan behar duela defendatu du ELAk, Ertzaintzaren sustapenetan.
  • ELAk Ertzaintzaren Legeari aurkeztutako alegazioen artean zegoen eskaera hori.
  • Eusko Jaurlaritzak eta lege horri babesa eman zioten alderdi politikoek ez zuten aintzat hartu eskaera hori. ELAren ustez, eskakizun hori Legean ez sartzeak, herritar guztien hizkuntza eskubideak ez bermatzeaz gain, aukera ematen du horrelako errekurtsoak jartzeko edo Irungo Udalaren aurka izandako epaietarako, esaterako.