Arabako zahar-etxeak: botere sinbolikoa irabazteko unea
ELAk eta grebalariok badakigu zein den hartu beharreko bidea: Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako gure lagunak ere egiten ari diren borroka, beste aukerarik ez dago. Bizkaian iritsi zen hitzarmenaren hobekuntza gurean ere lortu nahiko genuke. Batetik, edukiak onak direlako, baina baita ere, eta batik bat, izan duen eta izango duen botere sinbolikoa medio.
Pierre Bourdieu soziologo frantsesak botere-harremanak eta menperatze sistemak analizatu zituenean garatu zuen botere sinbolikoaren teoria eta horrek pertsonei nola eragiten dien. Botere sinbolikoa gatazka sozial guztietan izan ohi da, botere politiko, ekonomiko edo juridikoan bezalaxe. Nahiz eta ikuspuntu oker batetik une politikoak aztertu izan diren aintzat hartu gabe botere sinbolikoa eta honek une haietan dituen ondorioak, zaintzaren inguruko lan-gatazka batean, hain zuzen adinekoen egoitzen gatazkan, sinbolismoak are protagonismo handiagoa du.
Bourdieuk esan zuen ere botere sinbolikoak ez duela bere indarra eragiten egitura kontzienteak baliatuz -beste botereek egin ohi duten moduan-, baizik eta pertsonak barneratzen dituen eskema ikusezinen bidez: hori da habitus delakoa. Horrenbestez, habitus-a izango litzateke norberak bere gorputzean materializatzen duen joko-arau multzoa, zeintzuen bitartez ulertzen duen bere inguruan gertatzen dena. Beraz, habitus-a ezberdina izango da klase sozialaren, generoaren edo jaioterriaren baitan, eta pertsonengan ordena sozial jakin bat sortzeko balio du.
Habitus-a haurtzaroan hasten da ikasten, senitartean eta eskolan, eta bere erreprodukzioa ez da sekula eteten. Bizi garen sistema heteropatriarkal honetan edonork daki zer egin dezakeen eta, batez ere, zer egin beharko lukeen.
Arabako zahar-etxeen gatazkan, edozein gatazka sozialetan bezala, habitus-aren xedea statu quo-a babestea da. Horretarako dago eraikita; horixe da bere funtzioa. Emakumeok, euretako asko arrazializatuak direlarik, kontratu partzialak eta oso iraupen laburrekoak pairatzen dituzte; euren lan-harremanak zeharo atomizatuta daude, eta lan-karga oso handiak jasaten dituzte. Esaterako, lan-hitzarmenaren arabera urtean 1.792 ordu sartu behar dituzte, hilean 1.100tik behera euroko soldataren truke.
Prekaritatea hainbestekoa da non kolektibo hau mobilizatzea benetako lorpena gertatzen den, langile hauetako asko lanpostua galtzeko beldurrez baitago. Beldurra sartu diete patronalek eta beste aldera begira dauden herri-administrazioek. Erakundeek zaintza-sistema pribatizatu nahi dute, eta patronalek erabaki politiko horiei esker negozioa egiten jarraitzen dute. Habitus-a indarrean da.
Baina kolektibo hau, historian beste emakume askok egin izan duten moduan, behingoz ezarri dieten habitus hori hausten ari da, grebarik ezin dutela egin dioen, lan-baldintzak hobetzea galarazi nahi dion habitus hori. Zaintza lanetan diharduen emakume batek ez omen du bere ahotsa entzunarazi behar. Bada, kolektibo hau, antolatuz eta borrokari ekinez, ezarritako statu quo hori babesten duen egoera aldarazten ari da: Botere sinbolikoa irabazten ari da.