2020/10/05 MAHAI SEKTORIALAREN LABURPENA

2020/10/06
Urriaren 5ean Hezkuntza publikoko sindikatuok Hezkuntza Departamentuarekin bilera bat izan dugu. Bertan, hurrengo gaien inguruan hitz egin da.

1.- LEKUALDATZE LEHIAKETA (IKUSKARIENA BARNE):

Aurreikusten da eskaerak aurkezteko epea azaroaren 5etik 26ra izango dela. Deialdia argitaratzen denean pasako dizuegu, ELAn egindako laburpen batekin.

2.- IRAILAREN 29KO 31/2020 ERREGE LEGE-DEKRETUA, ZEINAREN BIDEZ PRESAZKO NEURRIAK HARTZEN BAITIRA UNIBERTSITATEZ KANPOKO IRAKASKUNTZAREN EREMUAN:

Pare bat kontu argitu nahi ditu Hezkuntza Departamentuak Ministeritzarekin. Argitutakoan emango digute informazio zehatza.

 3.- NAHITAEZKO EGINBEHARRETARAKO BAIMENA:

Baimen hau disfrutatzeko zuzendariari eskatu behar zaio. Zuzendaritzak berehala disfrutatzeko eskubidea emango dio eskatzaileari baldin eta irakasle horrek ikastetxean uzten duen hutsunea ikastetxeko baliabideekin bete badaiteke. Hau ezinezkoa balitz zuzendariak Hezkuntza Departamentuari irakasle horren ordezkapena eskatu beharko du, eta ordezkoa ikastetxera iristean soilik hasi ahal izango da irakaslea baimena disfrutatzen.

Esan beharrik ez dago ez dela hau sindikatuok Mahai Orokorrean eskatutakoa. Baimena modu honetan kudeatu behar izateak ia ez du efektibo egiten baimen eskubidea. Beste behin ere ikastetxeen gain uzten da lan zama guztia, eskubide desberdinak urratuz.

Honen harira premiaz eskatu genuen LET-a egunero egitea eta ordezkapen irizpideak hobetzea. Ezezko erantzuna jaso genuen honetan ere.

 4.- BESTELAKOAK:

Sindikatu guztiok ikasturte honek ekarri dituen baldintza txarrak iraultzeko baliabideak eskatu eta proposamenak egin genizkion Hezkuntza Departamentuari. Beste behin ere ardurak gainetik kendu zituen Hezkuntzak, lasaitasun handiz. Hona hemen aipatzeko puntu bat:

Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako geletan positibo bat dagoenean, ez da gela osoa isolatzen, soilik ikaslea. Kasu horietan irakasleek klasea modu presentzialean emateaz gain, etxean isolatutako ikasle horiei ere klasea eskaini nahi izan diete arduraz edo “behartuta”, lan jardunaldiak bikoiztuz.

Hezkuntzak argi utzi zigun horrelako kasuetan gaixotasun arrunt baten kasuen bezala jokatu behar dela, ez dira zertan klaseak “meet” bidez eskaini edo grabatu behar, ezta ere klase bakoitzaren jarraipena egin behar etxean dagoen ikasle bakoitzarekin. Gaixoaldia luzatuko balitz, hezkuntza arreta moduan bideratu beharko litzateke CREENAtik, baina bitartean gaixotasun arruntaren tratamendua emango zaio.

 

ELA sindikatuak orain arte bezain tinko jarraituko du COVID krisi honek ekarritako egoerak gainditzeko baliabideak eta planifikazioa aldarrikatzen. Langile zein ikasleen osasuna bermatzea dugu helburu, lehen hauen lan baldintzak okertu gabe, kalitatezko hezkuntza publiko sendo bat eraikiz!!!!