Inbertsioa Hezkuntza publikoan

BPGaren %6

2023/03/27
Zenbat inbertitzen da Nafarroan hezkuntzan?

Hezkuntza Departamentuaren aurrekontua (unibertsitateen aurrekontua barne) 909,2 milioi eurokoa izango da 2023an, 2022ko behin betiko kreditua baino 25,7 milioi euro gehiagokoa, hau da, % 2,9 gehiagokoa.

Gastu hori BPGren % 3,8a da, 2022ko behin betiko kreditua baino 0,1 puntu gutxiago. 

2010etik Hezkuntzako gastuaren partaidetza BPGrekiko 0,2 puntu handitu da, urte hartan murrizketa handiak egin ziren.

Hezkuntzak duen gastu eskasaz ohartzeko, beharrezkoa da Europako beste herrialdeekin alderatzea. Horretarako Eurostaten eskura dauden 2020. urteko azken datuak erabiliko ditugu. Hezkuntzak BPGrekiko zuen pisua % 3,4koa izan zen Nafarroan, eta Europako batez bestekoa, berriz, % 5ekoa. Ratioa Irlandan bakarrik izan zen okerragoa. Beste herrialde batzuetan, hala nola Frantzian, % 5,5ekoa izan zen; Belgikan, % 6,6koa; eta Islandian, handiena, % 7,7koa. Beraz, Nafarroan hezkuntzako aurrekontu partida gutxietxita dago Europako gainerako herrialdeekin alderatuz.

Grafikoan argi ikus daitekeen bezala, Nafarroan 2020an hezkuntzara bideratu zen dirua, Europako batez bestekoarekin konparatuz, 380 milioi euro gutxiagokoa izan zen. Gutxienez hori gehiago bideratu beharko litzateke Nafarroan Hezkuntzara, hau da, 2023rako aurreikusitakoa baino % 41,8 gehiago alegia. Ezin dugu ahaztu gainera UNESCO-k %6ko gutxieneko inbertsioa gomendatzen duela hezkuntzarako.

Zein da ELAk proposatzen duen alternatiba?

ELAren iritziz, aurrekontu politika murriztaile eta neoliberal hauek irauli eta herritarren beharrei erantzungo dieten zerbitzu publikoak eta partida sozialak indartzeko ezinbestekoak dira:

  • Zorra auditatzea. Hasteko, aztertu behar da zorraren zein zati sortu den interes publikoagatik eta zein zilegi ez den moduan. Zor ez zilegia ez dugu ordaindu behar.

  • Erreforma fiskala. 

Aurrekontuak areagotzeko premiazkoa da diru bilketa handitzea. Egungo zerga sistemak diru gutxi biltzen du Nafarroan, Europako batez besteko mailarekin alderatuta. Europako bataz besteko presio fiskala edukiko bagenu 1.700 miloi euro gehiago edukiko genituzke zerbitzu publikoak indartu eta partida sozialak handitzeko.

Horretaz gain, modu injustu eta antisozialean biltzen da, diru gehiago bilduaz zeharkako zergekin zerga zuzenekin baino. Eta zuzeneko zergetan gehiena lan errentetatik biltzen da (10etik 6). Errenta altuek, enpresek eta kapitalek oso zerga murritzak ordaintzen dituzte. Eta urtez urte desberdintasun hau handiagotzen doa. Hau gutxi balitz, iruzur fiskalak oso handia izaten jarraitzen du.

Ikasle guztien premiak hezkuntza sistemaren erdigunean jarri eta irakasleen lan baldintza duinak ziurtatuko lituzken kalitatezko hezkuntza publiko bat bermatzeko, ezinbestekoa da Nafarroan hezkuntzara bideratutako inbertsioa handitzea. Gutxienez Europako bataz-bestekoa bideratu beharko litzateke, beti ere  UNESCO-k gomendatutakoa helburu izanik. 

Inbertsioa handitzearekin zer lortuko genuke?

  • Ratioak jaistea orohar ikasmaila guztietan, eta are gehiago baldintza edo behar bereziak pilatzen diren ikastetxe edo ikasgeletan. 

  • Baliabide gehiago aniztasunari arreta emateko eta behar bereziak dituzten ikasleei erantzun egokia emateko. 

  • Ordezkapenak lehen egunetik.

  • Kontratazio eta baliabide gehiago irakasleen lan zama arintzeko: klaseak prestatzeko, lan burokratikoa egiteko, zuzendaritzako lanak aurrera ateratzeko, ikastetxeetako proiektuak aurrera eramateko, programazioak LOMLOEra egokitzeko…

  • Irakasleak ez pobretzea, soldata KPIaren arabera igoz eta pilatutako eros-ahalmena berreskuratuz.

  • Jardunaldi jarraituetako ikastetxeetan eskolaz-kanpoko ekintzak diru publikoz ordaindutako monitoreek eskaintzea. 

  • Landa eskoletan behar diren baliabideak eskaintzea.

  • Google-ren ordez software libre edo propio bat sortzea.

  • Behin-behineko irakasleen kontratazio zerrendak etengabe irekita mantentzea, urteroko birbaremazioarekin.

  • Azpikontratatutako sektoreak publifikatzea…