Inklusiboa

Irakaskuntza eta sindikalgintza inklusiboak. Aniztasunak indartzen gaitu.

2023/03/27
Sindikalismoa, zeozer bada, inklusioa da. Inor ez baztertzea eta pertsona langile guztien lan-eskubideen alde egitea.

Zer da ELA eta norekin egiten dugu lan?

ELA klase-sindikatua da eta langile guztiekin ari gara lanean, edozein dela ere langileen jatorria, egoera ekonomikoa, generoa, gaitasuna, adina edo lanbidea. Garrantzitsuena da garen horretatik abiatuta eskubide berberak eta aukera berberak izatea eta, orobat, pertsona guztientzat eskubide eta aukera horiek sorrarazteko betebeharra ere izatea.

Ezinbestean, geure egiten ditugu gizarte eta hezkuntza arloko hainbat ekimen, eta babestu egiten ditugu gizarte eko-iraunkor, feminista, solidarioa eta justuago bat eraikitzeko xedea duten guztiak, gizarte horretan pertsona askeak bete-betean bizi daitezen.

Pertsona garen aldetik, lana izateko eskubidea dugu. Areago, lan duin bat izateko eskubidea dugu, bizitza-proiektu bat eraikitzeko aukera emango diguna, gizarte bidezkoago baterantz aurrerapausoak emateko, gizarte bat non pertsona guztiek herritar aske izateko aukera izango duten, integratzeko eta pertsona gisa hazteko egiazko aukerekin. Kontrabotere eraginkorra eta arduratsua egingo badugu eta gizartean, ekonomian eta politikan eragitea lortuko badugu, dibertsitatea oinarritzat hartuta egin behar dugu lan. Ez dago errealitate homogeneorik; areago, errealitateak askotarikoak dira. Pertsona hainbat errealitate daude, eta errealitateak partekatuak diren heinean, anitzak, pluralak eta aldakorrak dira. Dibertsitatean oinarrituta besteekin partekatzea, horixe da funtsean: elkar aberastea, indartzea eta aukera berrietara ateak zabaltzea.

Feministak gara, bai. ELAn konpromezu tinkoa dugu gizon eta emakumeen berdintasunaren alde egiteko, berdintasun formala ez ezik egiazko berdintasuna; aukera-berdintasuna eta lan arloko aitortza; aitortza sozialaren aldetik ere berdintasuna; erabakitzeko eta antolatzeko aukera berdintasuna; eskubide eta betebeharren aldetik nahiz familia-aitortzaren aldetik berdintasuna; ASKATASUN berdintasuna, erabakitzen dugun moduan bizi ahal izateko. 

Bat egiten dugu ere Skolae-ren helburuekin, programaren xede nagusia ikasleek berdintasunean bizitzeko konpetentzia globala eskuratzea baita, beren bizitza-proiektua eraikitzeko eta bizitzeko aukera emango dieten konpetentziak pixkanaka eskuratuz, eta genero-baldintzarik gabe beren etorkizunari buruz askatasunez, ezagutzaz eta ahalmenez erabakitzeko aukera oinarritzat hartuz. Eragile ekonomikoek ere helburu horiek bere egitea eskatzen dugu. Hezkuntza Departamentua ari da zenbait gidalerro argi ezartzen, eta gisa berean Ekonomiaren Garapenerako Departamentuari ere ausarta izateko eskatzen diogu, eta ezar ditzala behingoz berdintasun arloan enpresek nahitaez bete beharreko zenbait helburu, batez ere funts publikoen onura eskuratzen duten enpresek.

Hezkuntza Departamentuko zenbait zerbitzu eta ikastetxe asko ahalegina egiten ari dira ikasle guztien inklusiorako metodologiak bultzatzeko, eta ELAk bat egiten du ahalegin horrekin. 

Feministak garelako publikoaren alde gaude! Eta bizitzak erdigunean jartzen ditugu! ELAn zalantzan jartzen dugu zaintzak familien eta, batik bat, emakumeen gain egon behar direnik. Batez ere emakume migratu eta arrazializatuen gain. Zaintzaren kudeaketa ezin da emakumeen kontura gauzatu, ezta Gobernuak pribatizatu, prekarizatu eta desegin nahi dituzten zerbitzu publikoen kontura ere.

Feministak garelako badakigu gaur egun, lanaren banaketa sexualak lan-merkatua egituratzen duen ardatza izaten jarraitzen duela: partzialtasuna, behin-behinekotasuna eta zaintza emakumeen gain daude

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Berdintasun Planak gizon eta emakumeen arteko lan diskriminazioa neutralizatzeko neurriak zehaztu beharko lituzke. Baina ez dauzka. Berdintasun formala aldarrikatzen du, baina ez da gai genero-ekitaterantz urrats eraginkorrak emateko. Horregatik, ELA ez dago ados Planarekin.

Zer proposatzen du ELAk?

  • Administrazioaren eremu bakoitzerako plan espezifiko bat egitea, sektoreari bereziki eragiten dion desberdintasuna neutralizatuko duten neurriak zehazteko.

  • Araudia egokitzea, funtzio publikora iristea bermatzailea eta berdintasunezkoa izan dadin. Izan ere, zaintzak emakumearen bizkar geratzen direnez orohar, modu estrukturalean denbora gutxiago dute oposizio-prozesu bati aurre egiteko, eta, horregatik, desabantailaz abiatzen dira.

  • Desabantaila orekatzeko ekintza positiboak planteatzea.

  • Sektore feminizatuetan soldata-igoera gehigarriak adostea, soldata-arraila amaitzeko.