LAN BALDINTZA EGOKIAK BERMATUKO DITUENA

Kontsolidazioa!

2023/03/27
Gaur egun, Nafarroako hezkuntza publikoko gaitz larrienetako bat, behin-behinekotasun maila altua da. Kontuen Ganberaren azken txostenaren arabera, Hezkuntzako langileen % 50etik gora da aldi baterakoa.

Zergatik halako behin-behinekotasun altua?

Errealitate hau gure agintarien erabaki politikoen ondorio zuzena da. Horrelako politika sistematikoek, alde batetik gizartearen oinarrizko beharrak asetzen dituzten zerbitzu publikoak ahultzen dituzte, langileak prekarizatuz, eta bestetik azpikontratazioari eta pribatizazioari atea irekitzen diote. 

Zein da ELAk planteatzen duen alternatiba?

Nafarroako Gobernuak bere hezkuntza eskuduntzak erabiliz negoziatu beharko luke bertako sindikatuokin Nafarroako irakasleak egonkortzeko behar den lanpostu kopurua, baita pertsonal horren sarbiderako sistemarik hoberena zein den. Honen ordez, Madriletik datozen lege mugatzaile guztiei men egiten dio.  

ELAk urteak daramatza plantilen kontsolidazioa bermatuko duen eta behin-behinekotasuna %6ra jaitsiko duen enplegu eredu baten alde gogor lanean. Orain arte egindako bideak, ehunka demanda, interpelazio politikoa, kontzentrazioak…, bere fruituak eman ditu: egonkortze prozesuak hain zuzen ere. Baina prozesu hauek ELAren helburua betetzetik urrun gelditu dira.

Zergatik?

  • Eskainitako plaza kopurua nahikoa ez delako.

  • Ez dituelako Nafarroako irakasleak lehenesten.

  • Lan-esperientzia ez delako erabakigarria.

  • Oposizio-lehiaketak baztertzailea izaten jarraitzen duelako.

ELAk gogor jarraituko du lanean Nafarroako Gobernuak bere hezkuntza eskuduntzak erabiliz, urte luzez behin behinean diharduten langileak modu ez traumatikoan kontsolidatzeko prozesu bereziak martxan jar ditzan eta etorkizunean behin behinekotasuna haztea ekidingo duten neurriak aktibatu ditzan.