OSASUNA ERDIGUNERA!

Langileon osasuna erdigunera!

2023/03/27
Irakasle gehienok urteak daramatzagu azterketa medikurik egin gabe. Ikastetxe gehienetan ez da arrisku psikosozialen aurkako prebentzio plan eraginkorrik.

Ez dira garai errazak gure gazteontzat ez eta gure eguna beraiekin partekatzen dugun profesionalontzat ere. Ikastetxeetan topatzen ditugun errealitateak eta arazoak geroz eta konplexuagoak eta larriagoak diren honetan, irakasle asko egoera latzak bizitzen ari da, horiei aurre egin eta kudeatzeko nahikoa baliabiderik gabe gainera.

Hori da ELA sindikatuak dozenaka ikastetxetan burutu duen prekaritate azterketatik ateratako ondorio nagusia. Langileon artean banatu diren ehunka inkestatan lanean pairatzen ditugun prekaritate egoerak identifikatu dira eta honako hau izan da ondorio nagusia: hezkuntzako langileok gehien pairatzen ditugun prekaritate egoerak arrisku psikosozialekin lotutakoak dira, beste guztien gainetik.

Gehiegizko lan-kargek, ikasle eta familiekin tentsio egoerek, lanerako giro txarrak... horiek guztiek eragin zuzena dute gure osasunean. Eta hori horrela izaki, Hezkuntza Departamentuak erantzukizun zuzena du egoera horien prebentzio, kudeaketa eta konponketan. Errealitatean, ordea, ez da horrelakorik ematen eta langile asko eta askok ez dute behar luketen babesik jasotzen.

Hezkuntza Departamentuaren utzikeriaren adibide bat mediku-azterketena da. Gainerako sektore eta enpresetako langileek ez bezala, Hezkuntza Departamentuaren menpeko garenoi ez zaigu osasun-azterketa urtero egiten. 4 urtekoa da eperik laburrena ia, hortik gorakoa izanik kasu gehienetan.

Bestetik, osasun ezintasun edo zailtasunak dituzten irakasleen birkokaketa ez da ematen Hezkuntza Departamentuan.

Arrisku psikosozialen aurkako prebentzio plan eraginkorrik ere ez da izaten ikastetxeetan. Gutxi batzutan daude eginak ebaluazio hauek, eta eginak dauden horietan planteatzen diren neurri zuzentzaileak Hezkuntza Departamentuaren ardura badira ez dira aurrera eramaten.

Jokabide honekin, Hezkuntza Departamentuak lan arriskuen prebentzioan aplikagarri diren arauak urratzen ditu eta beste behin irizpide ekonomikoen baitan bakarrik jarduten duela nabarmentzen da. Gure esku dago egoera zuzentzea, lan osasuna erdigunera!!!