ELAren BALORAZIOA MAHAI SEKTORIALA 2020/10/05

Gaur egindako Hezkuntzako Mahai Sektorialean, ELAk exijitu du plantillak handitzeko, ordezkapenak berehala egiteko eta irakasleen eskubideak eta kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak ezartzeko.
Hezkuntza Departamentuak 600 kontratazio baino gehiagoren inguruko datuak eman gabe jarraitzen du. Kontratazio horiek ez dira egin eta irakasleen lan-kargak gero eta handiagoak dira, alde batetik, beharrezko errefortzuak egin ez direlako eta ratio errealak jaitsi ez direlako, eta bestetik, bajan edo konfinatuta dauden pertsonen ordezkapenak egiten ari ez direlako.
Gainera, Hezkuntza Departamentuak Mahai Sektorialean iragarri duenez, irakasleek, Administrazio Publikoak konfinatuak dauden 14 urte baino gutxiagoko umeak zaintzeko berriki onetsitako baimen ordaindua bakarrik hartu ahal izango dute, baldin eta ikastetxeak baliabide propioekin bete baditzake, edo, ordezkapena gertatzen bada, inoiz ez dela berehalakoa izango, tramiteak egun batzuk atzeratu daitezkeelako.
Era berean, Hezkuntza Departamentuak ez duenez interesik agertu ordezkapen-irizpideak hobetzeko eta egunero deialdiak edo LET egiteko, irakasleen ordezkapenak ez dira gauzatuko, kasu askotan, astebete igaro arte; horrek esan nahi du lan-kargak, une honetan onartezinak direnak, oraindik gehiago handituko direla.
Bestalde, pandemiarekin zerikusia duten gai guztiei buruzko informaziorik ez dagoela salatu du ELAk, kontingentzia planak Prebentzio Batzordeari oraindik ez baitzaizkio igorri. Prentsak ezagutzen ditu ikastetxeetako konfinamenduei, kutsadurei eta abarrei buruzko datuak eta ELA salaketak jartzen ari da Lan Osasunaren aurrean, Hezkuntza Departamentuak pandemiaren aurrean duen gardentasun faltagatik.
ELAren ustez, onartezina da Hezkuntza Departamentuaren eta Nafar Gobernuaren jarrera; kalitatezko irakaskuntza bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak ezarri beharrean, hau da, plantillak gehituz, ratioak murriztuz eta ikastetxe bakoitzaren kontingentzia-planak adostuz, irakasleen lan-baldintzak okertzen dituelako eta langileen lanaldiak gehiegi kargatzen dituzten neurriak ezartzen dituelako.
Horregatik guztiagatik, ELAk uste du mobilizazioak areagotzeko unea dela, greba baztertu gabe, beharrezkoak diren gutxieneko batzuk adosteko, hots, ikasturte presentziala segurua eta lan-karga onargarriak ziurtatzen dituzten minimoak, hauek izango direlako, besteak beste, kalitatezko irakaskuntza bermatuko dituztenak.