Berri ona da, ELArentzat, gradoa eta uda ordaintzea irakasle interinoei; baina Gobernuari oroitarazi dio Hezkuntzak oraindik duen behin-behinekotasun tasa handiak kalte larriak dakarzkiela langile, zentro eta ikasleei

2019/10/01
ELAk gradoa eta udaren ordainketa aldarrikatu du, bai negoziazio mahietan bai epaitegietan. Salatzen duenez, Administrazioaren oraingo ordaintzeko asmoa, lehenago epaitegietan irabazitako eskubidetik dator. Honez gain, bada garaia Gobernuak behin-behinekotasuna gutxitzeko urratsak emateari ekin diezaion.

Mahai Orokorraren gaurko bileran Funtzio Publikoak azaroan hurrengoak ordainduko dituela iragarri du:

- Gradoa: Administrazioan gutxienez 6 urte eta 7 hilabete lan egin dutenei, 2015eko urtarrilaren 1era arteko atzeraeranginarekin.

- Udan kontratuak luzatzea: 2018-2019 ikasturtetik aurrera 165 egunez edo gehiagoz lanean aritu diren irakasleei udako hilabeteetan kontratuak luzatuko zaizkie. Pasa den ikasturterako kontratu berria egingo zaie uztailaren 1etik abuztuaren 31era. 165 egun baino gutxiago lan egin dutenei finikitoak ordainduko zaizkie.

ELAk grado eta udaren ordainketa publikoki salatzen eta aldarrikatzen aritu da, bai negoziazio mahietan bai epaitegietan. Beraz albiste ona da, ELA sindikatuarentzat, Administrazioko diskriminazioren bat ezabatu izana; baina oroitarazi dio Nafarroako Gobernuari behin-behineko langileen tasa handiak (irakasleen %37koa) langileen baldintzak prekarizatzen jarraitzen duela, eta ondorioz hezkuntza publikoaren kalitatea kaltetua dela.

Administrazioaren neurri hori epaitegien aginduen ondoriozkoa izan da, pertsonal kontratudunaren eta funtzionarioen arteko soldata-diskriminazioak behingoz ezabatzeko jarri diren milaka erreklamazio judizialen ondoren. Alde horretatik, ELAk Nafarroako Gobernua premiatu du Foru Administrazioko enplegu publikoaren prekarizazioari aurre egitera, eta epaitegien sentenziak betetzea baino haratagoko neurriak berehala hartzera. Ildo horretatik, eta kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko benetako apustua egiteko, ezinbertzekoa da Administrazioko langileen lan-baldintzak duinak izatea. Horretarako, autogobernuaren alde tinko agertu behar da, eta Madrildik ezarritako austeritate-politikei (gastu-araua eta defizit-muga) jarraipen itsua egiteari utzi.