HEZKUNTZA NAFARROA

Departamentuak baja medikoen datuak erabili ditu irakasleen izen ona zikintzeko

2024/04/24
ELAk gogorarazi dio Hezkuntza Departamentuari lan-baldintza txarrek kalte egiten diotela langileen osasunari.

Joan den apirilaren 19an, mahai sektorialean, Hezkuntza Departamentuak irakasleen baja medikoei buruzko datu nahasiak eman zizkien sindikatuei. Datu horiek ez dute adierazten ezintasunen iraupena, ezta horien arrazoia ere; beraz, datu horietatik ondorioak ateratzea ausartegia da. ELAren ustez, Hezkuntza Departamentuak emandako datuak asmo zehatzekin erabili dira. Horretaz gain, medikuen profesionaltasuna zalantzan jartzen ari da eta hori oso larria iruditzen zaigu.

Gainera, Departamentua da, hain zuzen ere, bere plantillan baja ehuneko horiek ematearen erantzule nagusia, prebentzio faltagatik. ELAk berretsi du Hezkuntza Departamentuaren lana hezkuntza-kalitatea hobetzera bideratuta egon beharko litzatekeela, irakasleei prestigioa ematetik hasita, gutxietsi beharrean, eta, bitartean, langile hain prekarioen eta ezegonkorren osasuna zainduko duten lan-baldintzak hobetu beharko liratekeela. Departamentuak emandako datuek agerian uzten dute, inoiz baino gehiago, beharrezkoa dela ratioak murriztea, soldata duinak ezartzea eta lanpostuetan egonkortasuna bultzatzea, besteak beste.