ELAk ikastetxeei PAItik ateratzeko deia egiten die, Hezkuntza Departamentuaren ebazpen berri batek horretarako aukera ematen duela baliatuta

2022/11/22
Hezkuntza Departamentuak deialdia egin berri du Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek 2023-2024 ikasturterako atzerriko hizkuntzen irakasgaiak ikasteko programetan sartzeko edo horietatik ateratzeko aukera izan dezaten. Badakigu ikastetxe asko daudela PAItik alde egiteko aukera horren zain, Castejónek egin duen bezala, eta hainbeste ikastetxek hainbat autonomia-erkidegotan egiten duten bezala.

ELAk gogorarazi du programa horiek, gehienbat ingelesez direnak, UPN-PSNko gobernuek ezarri zituztela modu masiboan Nafarroako hainbat zentrotan. Prozesua programa aurre-ebaluatu eta aztertu gabe egin zen, eta hizkuntza-irakaskuntzako adituen iritzia kontuan hartu gabe, ezta ikastetxeetako klaustroena ere. Izan ere, Ablitas, Cascante, Huarte, Gares eta Orkoieneko ikastetxeak publikoki kontra agertu ziren, baita Hezkuntza departamentuko Ingeleseko saila eta Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzua ere, irizpide teknikoetan oinarrituta. Azkeneko sail horrek dimisioa eman zuen, orduko kontseilari Iribas bakarrik utziz.

Gaur egun, Nafarroako 50 herritan eta 100 ikastetxe baino gehiagotan, atzerriko komunikazio-hizkuntzan ikastea da aukera bakarra. Ez dugu ahaztu behar Nafarroako ikasle guztiek eredu desberdinetan atzerriko hizkuntza ikasten dutela ere eta emaitza onekin.

Atzerriko hizkuntza bat komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea ez da herrialde batean ere egiten. Programa horiek curriculumak hustea dakarte, ikasleentzat aparteko ahalegin handia (zer esanik ez ikasteko zailtasunak edo premia bereziak dituenarentzat) eta umeak segregatzeko elementu bat , promama horretara "egokitzeko" gaitasunaren arabera desegiten dena. Horren ondorioz, egoera sozio-ekonomiko txarrenean dauden ikasleak dira egoera txarrenean daudenak, gurasoek ez baitute, oro har, hizkuntza horren ezagutzarik, eta ez dute baliabide ekonomikorik enborreko ikasgaietarako (matematika, gizarte-zientziak, natura-zientziak, historia...) atzerriko hizkuntzaren eskakizun erantsia konpentsatzeko klase partikularrak baimentzeko. Hezkuntza Departamentuko ikuskatzaileek egiaztatu dute arazo hori.

Hezkuntza Departamentuaren arduragabekeria salatzen dugu, IIP-PAIri jarraipena emateko dekretu bat egin nahi duelako. Salatzen dugu, halaber, irakaskuntzako funtzio publikoan srtzeko Foru Lege bat egin izana, PAIko irakasleak egonkortzeko, irakasle orokorrek ingeleseko titulazioa beharko baitute. Eskakizun hori ez zuen onartu Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak, Nafarroak 276/2007 Errege Dekretua aldatzea proposatu zionean, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko. Ezezko horren aurrean, kontseilariak atzerriko hizkuntzetako programak blindatzeko erabakia hartu zuenez, PSNk 11/2022 Foru Legea onartu zuen oposizioarekin batera (UPN), eta auzia muturreraino eraman du. Izan ere, bertako hizkuntza bat gutxiesten duten bitartean, ingelesa Nafarroan ofiziala balitz bezala jokatzen dute. Horrela, C1 titulua eskatuko da. atzerriko hizkuntza batean, irakasle jeneralista izateko, hau da, tutore izateko. Baldintza horrek, zentzugabekeria izateaz gain, plaza horiek lortzeko aukera guztietatik kanpo uzten ditu pertsona asko eta asko. Irakasleak lanean egonkortzeko pentsatuta zegoen arau baten bidez, ezegonkortasunera kondenatuko dira, eta, kasu askotan, langabeziara.

Azken batean, honek guztiak kalte nabarmena giten dio hezkuntza-sistemari eta ikasleek jasotzen duten irakaskuntzaren kalitateari; hain zuzen ere, adin horretan finkatu beharko lukeena irakurketa eta idazketa izan beharko zen eta Nafarroako ama-hizkuntzetan, eta, aldi berean, horietan barneratzen ditu hezkuntzaren lehen etapetako oinarrizko ezagutzak ere.

Horregatik, ELAk ikastetxeetako zuzendaritzei, irakasleei eta familiei programa horiek gaitzesteko gonbita luzatzen die, klaustroaren eta eskola-kontseiluaren bozketetan. Itundutako sarean, funts publikoekin ordainduta, Nafarroako Gobernuak araudia aldatu zuen patronala bera izan zedin aldebakarrez erabakitzen duena programa hauetan sartzea edo jarraitzea, klaustroen edo eskola-kontseiluekin kontatu gabe. Lehenbailehen ateratzea ezinbestekoa da gure ikasleengan atzerriko bitarteko hizkuntzetan ikasteak sortuko eta sortzen dizkien ondorio latzak leuntzeko.

Hezkuntza-legeen norabide merkantilizatzailea gelditzearen eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntza hobetzearen alde egiten dugu, ikuspegi praktiko eta komunikatiboa lehenetsiz, talde txikietan, banaketetan, elkarrizketa-laguntzaileekin eta hizkuntza-trukeetan, hizkuntzak ikasteko eta erabiltzeko testuinguru errealagoa eta eraginkorragoa erraztuko dutenak.