ELA-k Nafarroako Gobernuari bere hezkuntza eskumenei uko egin eta estatuko irizpideei men egitea leporatzen dio

2020/03/26
Coronavirusa dela eta 2020-rako EPE data kolokan dagoen honetan, ELA-k Nafarroako Gobernuari gogorarazten dio, azterketa dataz haratago, eredua bera eta plaza kopurua aldatzea ezinbestekoa dela europar sententziak aipatzen duen behin behinekotasun abusua saihesteko

Jakina denez, bizi dugun ezohiko egoera honek Gizarte osoan du eragina eta beraz, baita Hezkuntza sisteman eta honen funtzionamenduan ere. Osasun larrialdi egoera hau hasi zenetik, erabaki desberdinak hartzen joan dira Gobernuak eta egunero protokolo zein agindu berriak izan ditugu.

Hezkuntzan ere, erabaki ugari hartu dira dagoeneko eta beste zenbait pendiente daude oraindik. Espainair Gobernuak erkidego autonomoetako gobernuekin asteazkenean (martxoak 25) izan zuen azken bilera, bertan izan zirelarik gure gobernuko ordezkariak. Bertan selektibitate proben inguruko datak eta data margenak erabaki ziren antza eta ondorioa selektibitatea atzeratzea izan da. Aldiz, guk dakigula, oraindik ez da 2020ko oposaketeten inguruko irizpiderik finkatu eta Nafarroako gobernuak ez du oraindik inolako erabakirik jakinarazi.

Egoera honetan, ELA-tik honakoa adierazi nahi dugu:

- ELA-k ez du ontzat ematen egun Gobernuak inposatzen duen EPE eredua, ez eta deialdira ateratako plaza kopuruak ere. Oso larria iruditzen zaigu europar sententziak baieztatu berri duen bezala, Espainiar estatuan eta Nafarroan egin den behin-behineko langileen erabilpen abusiboa. Eta are larriagoa iruditzen zaigu egoera hau iraultzeko Gobernuek ez edukitea gaur egun inolako proposamen eraginkorrik. Bereziki salatu nahi dugu Nafarroako Gobernuak, hezkuntza eskuduntza osoa izanik ere, gai honetan ere Espaniako gobernuaren erabakiei egiten dion morrontza. Zentzu honetan, ELAk hezkuntza eskumenak babesteko deia luzatzen dioNafarroako Gobernuari, bere behar eta egoeraren araberako oposizio eredua zein lanpostu kopurua deitzeko aukera izan dezan, besteak beste mugarik gabeko erreposizio tasa. Espainiar Gobernuak ezarritako eredua bere egiteak negoziazio kolektiboa estatuko markoen menpe uzten du, bertako langileen ordezkaritza mespretxatuz.

ELA-tik aspaldi aldarrikatu dugu ezinbestekoa dela egun Hezkuntza publikoan behin behineko bezala lanean diharduten langileei begirako kontsolidazio prozesuak martxan jartzea, hau da, bai plaza kopuru eta bai prozesuaren eredu negoziatua. Horrez gain, beharrezko ikusten dugu etorkizunean egoera bera ez errepikatzea bermatuko duten mekanismoak ere ezartzea.

Salbuespenezko egoera honetan hori da irtenbide bakarra eta beraz, ELA-tik hau aldarrikatzen eta exijitzen jarraituko diogu Nafarroako gobernuari eta ez dugu ontzat emango egungo ereduaren baitan hartzen den bestelako erabakirik.

- Hau esanda, eta ondo dakigun bezala, dagoeneko martxan direnez guk babesten ez ditugun irizpideen baitan deitutako oposaketak, jende asko dago hauekin kezkatuta. Hala izanik, ezinbestekoa iruditzen zaigu, Coronavirusak sortutako ez ohiko egoera honetan, Nafarroako gobernuak hartu beharreko erabakiak lehenbailen hartzea. Denontzat da egoera berria, baina gobernuak erantzukizuna du erabakiak hartu eta egoera ahalik eta ongien kudeatzeko. Beraz, aurtengo oposaketekin gartatuko dena ahalik eta lasterren erabakitzea eskatzen diogu. Oposaketak prestatzen ari den jendeak gutxieneko aurreikuspen batekin antolatu behar du etorkizun hurbila.

- Erabakiak hartzearekin batera noski, gardentasun osoa eskatzen diogu gure gobernuari. Hartzen diren erabakiak gurekin partekatzea eta informazio osoa elkarbanatzea. Erabakien arrazoiak eta egokitasuna sozializatu eta benetan gizartearen gehiengoari begira hartutako erabakiak izan daitezela.

- ELA-tik ulertzen dugu erabakia ez dela batere erraza. Alde batetik, osasun publikoa dago arriskuan eta ezin dugu jendearen segurtasuna kolokan jarri eta bestetik, oso kontuan izan behar dugu oposaketak egungo datetan mantentzeak ze ondorio izan ditzakeen. Egungo datetan egingo badira, berme guztiekin egin ahalko direla bermatu beharko litzateke, hau da, frogak normaltasunez burutu ahalko direla, aurretiazko prestaketa guztia burututa… Gainera, kontuan izan behar da baita ere konfinamendu egoera honetan oposaketa prestaketa asko zaildu dela askorentzat, izan ere, egoera ez da batere erraza orokorrean baina bereziki zaintza lanak dituztenentzat ezinezkoa egiten ari dela esan genezake. Probak 2021ean egingo balira, eta Administrazioan behin-behinekotasun tasa % 50 ingurukoa delarik, plazarik ez dela galduko bermatu beharko litzateke, urtebete galduko bailitzateke enplegua finkatzeko, eta horrela, behin-behinekotasuna areagotuko litzateke. Nolanahi ere, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako kidegorako oposizioak mantendu beharko lirateke 2021ean, aurreikusita zegoen bezala. Egonkortzeko edozein neurri alternatiboa sindikatuekin negoziatu behar da Nafarroan.

Beraz, erabakia hartzerakoan guztia kontuan izatea eskatzen dugu eta ahalik eta kalte gutxien sortzea oposaketetara aurkeztekoak direnei.