ELA, LAB, Steilas, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGTren elkarretaratzea Nafarroako Gobernuari PAItik ateratzeko Castejongo zentroaren erabakia errespetatu dezan eskatzeko

2021/03/04
Bigarren urtez jarraian, Castejongo Ikastetxe Publikoak, Ingelesa Ikasteko Programatik ateratzea eskatu du, Klaustroaren %78,8ren eta Eskola Kontseiluaren %100aren babesarekin.

Irteera-planean, ikastetxeak argudiatzen du Ingelesa Ikasteko Programa ez dela bideragarria programaren beraren egitura pedagogikoagatik: ez dago erreferentziazko curriculumik arruntaz haratago; irakasleek edukia sinplifikatu behar dute edo ikasgai bera bi aldiz eman, ingelesez eta gaztelaniaz, ikasgelako erritmoa motelduz, eta irakasgaien edukia sinplifikatuz; ikasleek gaitasun gutxiago bereganatzen dute ingelesez emandako ikasgaietan; Ingeles ikasgaiaren edukiak (hiztegia batez ere) ez dira erabilgarriak testuinguru funtzional eta esanguratsuetan (izan ere, Ingelesaren arloko barne ebaluazioetan ez da hobekuntzarik ikusten Ingelesa Ikasteko Programa egiten ari diren ikasleen errendimendu akademikoan, IIP ezarri aurreko ikasleen aldean); gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen kopurua handitu egiten da, ikasturteak aurrera egin ahala; kanpoko azken ebaluazioan baita ikastetxearen barruko ebaluazioetan ere, hobetu beharreko arlotzat hartzen da gaztelaniazko adierazpena eta ulermena; eta harrigarriena: Ingelesa ikasgaiaren barne probak aldatu behar izan dituzte programa honetako ikasleek gainditu ahal izateko.

Gainera, ikastetxe honen ezaugarri soziologiko jakin batzuek larriagotzen dute are gehiago hezkuntza egoera: ikasle etorkinen maila handia, eskola-hizkuntzarik ezagutzen ez duten eskolatze berantiarreko ikasleak eta hezkuntza-laguntzaren beharra duten ikasleak.

Arrazoi horiek guztiak ez ziren aski izan iaz Castejoni programa honen irteera baimentzeko; bere garaian Hezkuntza Departamentuak inposatuta izan zen programa; eta badirudi, aurten ere, bide berbera hartu duela Departamentuak, egun IIPn sartuta dauden mailetarako irteerako egutegia aldatzea eskatu baitzaio ikastetxeari.

Gaur LAB, Steilas, AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA eta UGT sindikatuak elkartu gara hemen Castejongo hezkuntza-komunitate osoari gure babesa emateko; baita Hezkuntza Departamentuari dagokion erantzukizuna eskatzeko ere, eta Ikastetxearen erabakia errespetatuz, bere ikasleen beharretan oinarrituta eta profesionaltasun guztiaz argudiatuta, Castejongo Ikastetxe Publikoari Ingelesa Ikasteko Programatik irtetea baimen diezaion.