Sindikatuak Nafarroako itunpeko ikastetxeetako mahai negoziatzailetik kanporatu dituzte eta patronalak eta Hezkuntzaren arteko akordioak murrizketak ekarriko ditu

2020/06/18
ELAko ordezkariak Patronalaren aurrean kontzentrazioa egin dute, sektoreko langileei eragiten dieten "gertakari oso larriak" salatzeko, beren ahalegina inoiz baino gehiago erakutsi dutenean, ikasleak telematikoki eta beren baliabideekin artatuta.

ELAk salatu du sindikatuak itunpeko ikastetxeetako mahai negoziatzailetik kanporatu dituztela eta patronalak eta Hezkuntzaren arteko akordioak murrizketak ekarriko dituela.

Gauzak horrela, ondorengoa adierazi nahi du:

1. Hezkuntza Sailak, Eskola Katolikoek eskatuta, sindikatuak negoziazio-mahaitik bota izana salatzen dute, Hezkuntzaren, Patronalen eta Sindikatuen artean lau urtez hiru aldetako bilerak egin ondoren.

2. Errefusatu egiten dute Hezkuntzak eta patronalek hitzartu duten Akordioa, plantillei murrizketa berriak dakarzkiena, bai adinaren araberako eskola-orduen murrizketari dagokionez, bai erretiro partzial aurreratuari dagokionez; hori guztia aukera hori erabat galtzeko mehatxupean, eta horrek ere enplegu-itxaropenik gabe uzten ditu orain arte txanda-kontratuaren bidez enplegua banatzen zitzaien gazteak.

3. Biei galdetzen diete argi dezaten non dagoen Parlamentuak itunpeko irakaskuntzako plantillei emandako aurrekontuaren zati bat, %4,5era iristen dena (%2 2020ko igoerarako, langile publikoen ehuneko berean, eta %2,5 2017-2020 Akordioa betetzeko, 2012tik hilero soldatatik kendutako ehuneko hori itzultzera behartzen zuena), eta orain % 3,25ean geratuko dela iragartzen dute. Falta den %1,25 plantillei ordaintzea exigitzen dute, Parlamentuak erabaki bezala.

ELAk Arartekoarengana eta Comptos Ganberarengana jo du eskaera hori babesteko. Ganbera horrek ikasturte honetan bertan frogatu du itunpeko hezkuntzako langileek, Nafarroako ikasleen %36ri arreta ematen dietenek, nominetan egindako gastuaren %21 baino ez diotela ematen Hezkuntzari (482 milioitik 102). Sindikatuak salatu duenez, horren arrazoia ez da soilik sare publikoak dispertsio eta aniztasun handiagoa duela, baizik eta itunpeko langileek eskola gehiago ematen dituztela astero (23, DBHko 18 langile publikoren aldean) eta soldata txikiagoa kobratzen dutela (%15, antzinatasun handiko langileen artean), ikasgela bakoitzeko ikasle-ratio altuagoekin, "patronalarentzat eta administrazioarentzat pagotxa izanik". ELAren kalkuluen arabera, 57 urtera iristen diren itunpeko langileek 200.000€ inguru aurreztu dizkiote administrazioari lan-bizitza osoan, eta, beraz, azken zerbitzu-urteetan lan-karga arintzeko neurrietan atzera ez egitea eskatzen dugu.

ELAk borrokan jarraituko du sektoreko plantillei gutxieneko baldintza duinak lortu arte.