HEZKUNTZA PUBLIKOA NAFARROA

ELAk errefusatu egin du 2027rako lan eskaintza publikoa

ELAk errefusatu egin du 2027rako lan eskaintza publikoa
LEPeko plaza kopurua guztiz eskasa dela uste du sindikatuak, eta euskararekiko diskriminazioa betikotzen duela salatu du.

ELAk uste du Hezkuntza Departamentuak berriro alferrik galtzen duela irakasleek pairatzen duten behin-behinekotasun indize altua murrizteko aukera. Ez du aparteko egonkortze-prozesurik egin aukera izan duenean, eta gaur egun ere ez ditu planteatu. Sindikatuak berriro salatu du Nafarroako administrazioak beste behin Estatuko araudiari men egitearen aitzakia erabiltzea. Zerbitzua bera eta Irakasleen lan-baldintzak hobetuko dituzten neurriak har daitezke, hezkuntza-arloan eskura dauden eskumenak erabiliz, exekutibo honek interesatu zaizkion gaietan egin izan duen bezala, hala nola PAI programa betikotzeko, besteak beste.

Gainera, Gobernuak euskararekiko duen sentsibilite falta agerian geratzen da beste behin. Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat eskainitako 32 espezialitateetatik 21etan gaztelaniaz soilik eskaintzen dira plazak. Etapa honetako 648 plazetatik 108 baino ez dira euskaraz, eta horrek agerian uzten du lurraldeko bi hizkuntza ofizialetako bat bestearen aurrean diskriminatu eta gutxiesteko nahia.

Bereziki larria da Lanbide Heziketako eskaintzaren egoera, ez baita euskarazko plaza bakar bat ere aurreikusten. ELAk apirilean salatu zuen, gainera, etapa horretako prestakuntza-eskaintza guztiz bidegabea zela ikasleentzat, gutxienez 15 ziklo berri eskaini behar baitziren hizkuntza horretan. Nafarroako Gobernuak ordea, eskari horri jaramonik ez egiteaz gain, berriro erakutsi du etorkizunean ere ez duela egiteko asmorik, LEP hau ikusita.

ELAk Hezkuntza Departamentuari eta Funtzio Publikoari eskatzen die proposamen hori bertan behera uzteko eta sektoreko premiekin eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin bat datorren proposamen berri bat egin dezala.