ELAk geletara itzuliko diren irakasleen eta ikasleen osasun eta babes neurriak bermatzea exijitzen dio Nafarroako Gobernuari

2020/05/15
Horretarako behar diren giza eta material baliabide guztiak ezartzea ezinbestekoa da. Era berean, ratioak jaistea, kontratazioa areagotzea, hezkuntzako langileen kontziliazioa erraztea eta arrakala sozialari konponbidea ematea.

Gaur goizean sindikatu guztiok, sare publikoa zein pribatua-itundua, parlamentu aurrean aho batez aldarrikatu dugu adostutako eta kalitatezko itzulera gauzatu behar dela. Ahalegin eta baliabide guztiak datorren ikasturtea ongi prestatzera bideratu beharko lirateke, eta plan horretan hezkuntza komunitateak parte hartu beharko luke integrala izateko.

Sindikatuok aste hauetan egin dugun presiori esker, geroago izan dugun mahai sektorialean baieztatu digute bakarrik 2. batxilergoko ikasleak itzuliko direla geletara, boluntarioa izanik itzulera ikasleentzat. Horiez gain, eta probak egiteko bakarrik, titulazioa lortzeko azterketa egin behar duten Hizkuntza Eskola Ofizialeko, Helduen Hezkuntzako, Zubiarte Euskaltegiko eta bestelako ikasketetan sarbiderako probak dituzten ikasleak ere itzuliko dira. Kasu guztietan borondatezkoa izango da eta tokian-tokiko babes protokoloak jarraitu dituztela esan digute. Zalantzak ditugu “borondatezko” aukera horrek ez ote duen oraindik konpondu ez den ikasleen arteko arrakala soziala handituko. Hortaz, kasu guztietan gobernuak familien kontziliazioa lehenetsi eta lagundu beharko luke.

Osasun eta babes protokoloei buruz, uste dugu ezin direla zentroen esku utzi. Hezkuntza Departamentuko Prebentzio zerbitzuak ikastetxez-ikastetxe diseinatu behar ditu eta langileen prebentzio delegatuekin adostu. Departamentuko Prebentzio Teknikarien lana ere bada neurriak lantokietan behar bezala ezartzen direla konprobatzea. Nolanahi ere, ezin da ardura hau zuzendaritza taldeen gai utzi, ez baita haien eskumena eta ondorio legalak egon baitaitezke.

Azkenik, salatu behar dugu atzo Mahai Orokorrean onartu zen 59/2020 Foru Aginduak (Nafarroako Administrazioko langileen itzulera arautzen du lantokietara) agindutik kanpo uzten duela hezkuntza zentroetako langileria, Gobernuaren eta sindikatu sinatzaileen erabakiz. ELAk ezin du agindu hori inolaz ere onartu, langile publiko kopuru handia bazterrean utzi delako.