ELAk Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei eta ikastetxeei Hezkuntza Departamentuak ezarritako murrizketa berria salatzen du

2021/09/15
Irakasleen lan baldintzak okertu eta ikastetxeak baliabidez hustuko ditu Covid protokolo berriak, baliabide gehigarririk jarri ezean. Hau horrela, ELAn gogor jarraituko dugu lanean eta mobilizatzen eskubide urraketa berri honen aurka, langileen lan baldintzak eta kalitatezko hezkuntza sistema bat defendatuz.

Irailaren 6an, inolako aurre negoziaziorik gabe, Hezkuntza Departamentuak 2021-2022ko Covid 19 Protokoloaren aldaketak ezagutzera eman zituen. Aldaketa horiek Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan jardunaldi jarraitua inposatzen dute arratsalderako eskolaz kanpoko saioekin, ikastetxe bakoitzaren aniztasuna eta errealitatea kontutan hartu gabe. Hau aurrera eramateko Hezkuntzak ez die inolako baliabide gehigarririk eskaini ikastetxeei. Ondorioz irakasleen lanaldia eta lan karga nabarmen handituko dira eta ikastetxeak baliabidez hustuko dira (zaintza gutxiago, koordinazio ordu gutxiago...), ikasleari ematen zaion arretan eragin zuzena izanik eta hezkuntza kalitatearen kalterako.

Egoera honi aurre egiteko, gaurko mahai sektorialean irakasleen kontratazioa handitzea eta baliabide gehigarriak eskatu ditugu. Hezkuntza Departamentuak jarrera erabat itxia erakutsi du, inolako negoziazio aukerarik eta kontzesiorik onartu gabe.

Hau horrela, ELAn gogor jarraituko dugu lanean eta mobilizatzen eskubide urraketa berri honen aurka, langileen lan baldintzak eta kalitatezko hezkuntza sistema bat defendatuz. Ezin dugu onartu Covid-aren aitzakiarekin lan prekarizazio eta murrizketa gehiago!