ELAk Hezkuntzako langileen txertaketa prozesuan informazioa, gardentasuna eta osasun irizpideen araberako plangintza exijitzen dio Nafarroako Gobernuari

2021/02/26
Hezkuntza Departamentuak txertaketa plana abian jarri du Hezkuntza publikoko hainbat sektoretan, sindikatuekin ezer partekatu gabe. Hori dela eta, ELAk Hezkuntzako langileen txertaketa prozesuan informazioa, gardentasuna eta osasun irizpideen araberako plangintza exijitzen dio Nafarroako Gobernuari.

Joan den asteko Segurtasun eta Osasun Batzordean eta aste honen hasieran izandako Mahai Sektorialean txertatze plangintza eskatu genion Hezkuntza Departamentuari. Honek gaiarekiko ezjakintasun osoa adierazi zuen eta ez zuen inolako informaziorik eman, gaia Osasun Departamentuaren eskumena dela argudiatuz. Baina prentsaren bidez jakin dugu Hezkuntzako langileak oraingo fasean txertatzeko asmoaren berri eta afiliatuen bidez txertaketa protokoloa dagoeneko abian jarri dutela, langileen ordezkariei ezer jakinarazi gabe.

Gainera, eskola-eremuak pisua irabazten du kutsaduretan, azken aste honetan kasu guztien % 12,4ra iritsi da, Osasun Publikoaren txostenaren arabera. Urte honen hasieratik eremuaren pisua ez zen % 5era iritsi.

Hau guztia dela eta ELAk alde batetik Hezkuntzako langileen txertaketa prozesuaren inguruko informazioa, gardentasuna eta osasun irizpideen araberako plangintza exijitzen dio Nafarroako Gobernuari beste behin ere. Bestetik, berriz ere eskatzen dio ikastetxeen eta langileen esku jar ditzala beharrezko babes-neurriak, hala nola FFP2 maskarak, gutxienez langile kalteberentzat, haur eta lehen hezkuntzako irakasleentzat...