ELAk klaustroei eta eskola-kontseiluei eskatzen die Hezkuntza Departamentuak IIP-PAI programetatik ateratzeko ematen dituen 7 egun eskasak aprobetxatzeko, beste erkidego batzuetan egiten ari diren bezala

2020/01/21
ELAk dei egiten die ikastetxeetako zuzendaritzei, irakasleei eta familiei 233/2019 ebazpenak aurreikusten duen IIP-PAI-tik irteteko plana egin dezaten. Horretarako, urtarrilaren 28ra arte bakarrik eman dute epea eta esandako irteera-plan hori egin behar da, ikastetxeko hizkuntza-helburu berriak planteatuz, gure inguruko beste herrialdeek dituztenen ildotik

Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek 2020-2021 ikasturterako atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartu edo irten ahal izateko prozedura deitu berri du Hezkuntza Sailak. ELAk gogorarazten du programa horiek, gehienbat ingelesez, UPN-PSNko gobernuek modu masiboan inposatu zituztela Nafarroako hainbat ikastetxetan. Prozesu hori programaren aurretiazko ebaluaziorik eta azterketarik gabe egin zen, hizkuntzen irakaskuntzako adituen iritzia kontuan hartu gabe, ezta ikastetxeetako klaustroen iritzia kontuan hartu gabe ere. Izan ere, Ablitas, Cascante, Uharte, Gares eta Orkoien herrietan aurka agertu ziren publikoki. Ikastetxeak IIP-PAIra sartzea, gehienetan, Hezkuntza Saileko Ingeles Atalaren eta Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuaren irizpide teknikoen aurka ere egin zen; izan ere, garai hartako taldeak dimititu egin zuen Iribas kontseilaria bakarrik utzita.

Gaur egun, Nafarroan 50 herritan baino gehiagotan eta 100 ikastetxetan baino gehiagotan, atzerriko hizkuntza batean ikastea da gurasoek seme-alabak matrikulatzeko duten aukera bakarra. Ez dezagun ahaztu Nafarroako ikasle guztiek atzerriko hizkuntza ikasten zutela eta dutela, beste ikasgaietan sartu gabe eta emaitza onekin.

Asteko ordutegiaren erdian atzerriko hizkuntza bat komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea ez da herrialde bakar batean ere egiten: programa horiek curriculumak hustea dakarte, ikasleentzako aparteko ahalegin izugarria (zer esanik ez ikasteko zailtasunak edo behar bereziak dituenarentzat) eta umeak segregatzeko elementu bat, programa horretara "egokitzen" ez direnak atzean gelditzen direlarik. Horren ondorioz, egoera sozioekonomiko okerrenean dauden ikasleak dira kaltetuenak; izan ere, gurasoek, oro har, ez dute hizkuntza horren ezagutzarik, eta ez dute baliabide ekonomikorik enborreko ikasgaietarako (matematika, gizarte-zientziak, natura-zientziak…) atzerriko hizkuntzaren gehitutako eskakizuna konpentsatzeko. Hezkuntzako ikuskatzaileek berek egiaztatu dute arazo hori.

Berriz salatu behar dugu Hezkuntza Sailaren arduragabekeria; izan ere, dekretu bat egin nahi du IIP-PAI-ri jarraipena emateko, eta Madrilen 276/2007 Errege Dekretua aldatu nahi du irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko, irakasle generalistentzat ingeleseko titulazioa eskatuz.

Azken batean, horrek guztiak kalte nabarmena eragiten du gure hezkuntza-sisteman eta gure ikasleek jasotzen duten irakaskuntzaren kalitatean, hain zuzen ere Nafarroako ama-hizkuntzetako eta berezko hizkuntzetako irakurketa-idazketa sendotu beharko lukeen adinean, eta hezkuntzaren lehen etapetan oinarrizko ezagutzak barneratzen dituen adinean.

Horregatik, ELAk dei egiten die ikastetxeetako zuzendaritzei, irakasleei eta familiei klaustroko eta eskola-kontseiluko bozketetan programa horien aurka ager daitezen. Itunpeko sarean, diru publikoarekin ordaindua, Nafarroako Gobernuak araudia aldatu zuen patronala bera izan zedin aldebakarrez erabakitzen duena programa hauetan sartzea edo jarraitzea, klaustroekin eta eskola kontseiluekin kontatu gabe. Lehenbailehen ateratzea ezinbestekoa da gure ikasleengan atzerriko bitarteko hizkuntzetan ikasteak sortu eta sortzen dizkien ondorio latzak leuntzeko. LOMCEren ildo merkantilista gelditzeko apostua egiten dugu, eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntza hobetzekoa. Lehentasuna ikuspuntu praktiko eta komunikatiboari eman behar zaio, talde txikiagoetan, bikoizketekin, solaskide laguntzaileekin eta ikasle-trukeekin, hauek guztiak testuinguru errealago eta eraginkorrago batean hizkuntza ikasi eta erabiltzeko.