ELAk Nafarroako Gobernuari exijitu dio behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak modu integralean bideratu ditzala hezkuntzara, egungo krisiak ikasleengan eta irakasleengan duen eragina murrizteko

2020/04/20
Premiazkoa da hezkuntza-arrakala, familia-arrakala eta arrakala digitala zuzentzea, gero eta handiagoa baita, eta curriculum-plangintza bat diseinatzea. Egungo irakaskuntza-ordezkapen guztiak bete beharko lituzke, eta 2020-2021 ikasturte osorako plantilla-aurreikuspena egin beharko luke, krisiaren araberakoa, ekimenez eta bere eskumenak baliatuz.

Gaurko mahai sektorialean, ELAk berriro eskatu du zailtasun familiar eta/edo teknologikoengatik eskolak etxetik jarraitu ezin dituzten ikasle kopurua ikastetxeka zehazteko (6.969 ikaslek arrakala digitala sufritzen dute, eta urrunetik lan egiteko familiaren laguntzarik ez duten ikasleak oraindik ez dira zenbatu). Era berean, gero eta gehiago zabaltzen ari den hezkuntza-arrakala hori zuzentzeko neurri zehatzak eta epeak zeintzuk diren galdetu du, eta premiaz jokatzeko eskatu du.

Langileei dagokienez, berriz salatzen dugu ordezkapenak ez direla normaltasunez egiten ari, inoiz baino beharrezkoagoak direnean. Horrek urratu egiten du ikasleen hezkuntzarako eskubidea, kalte handia egiten die etxetik lan egiten duten irakasleei, ordezkatu ez diren ikaskideen zereginak beren gain hartu behar dituztelako, eta kalte egiten die behin-behineko langileei.

Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, ekainean diseinatuko ditu plantilla eta esleipenak, ezer gertatu ez balitz bezala. Irakasleen errefortzuak ikasturtearen hasieran egingo dira, ikastetxe bakoitzaren premiaren eta baliabide ekonomikoen arabera, baina inola ere ez ikasturte osoari helduta. Ez da planteatzen egiturazko neurririk, hala nola ratioak murriztea eta plantilla handitzea, osasun-baldintza egokiak eta ikasleei arreta hobea emango lieketenak, gure hezkuntza-sistema kaltetua konpontzeko.

Azkenik, curriculumaren plangintzari ekin behar zaio berehala, eta ikasmailaz igotzeko eta ebaluatzeko irizpideak ezarri behar dira (baita DBHko 4. mailako, Batxilergoko 2. mailako, LHko 2. mailako eta goi-mailako arte-irakaskuntzen azken mailetako ikasleentzat ere).

Ikasturte honetan eta hurrengoan curriculuma berrantolatzea ezinbestekoa da gertatzen ari diren desberdintasunak zuzentzeko.