ELAk Nafarroako Gobernuari exijitzen dizkio hezkuntzako behin-behinekotasuna jaisteko neurri eraginkor bereziak, aurtengo EPEa atzeratzeko hartu duen erabakiarekin batera

Konfinamendu egoera honek, oposaketak prestatzeko zailtasunak areagotu ditu irakasle gehienentzat, telelanak lan-karga handitu die eta askok gainera etxeko zaintzekin batera egin behar dute. Bizitzen ari garen egoera salbuespenezkoa izanik, gobernuak salbuespenezko neurriak hartu beharko lituzke europar sententziak salatu duen eskandaluzko interinitate tasa modu eraginkorrean behingoz jaisteko. Urteetan zehar behin-behinean diarduten langileak kontsolidatzeko neurri bereziak behar ditugu orain, bai plaza kopuruari dagokionez (askoz gehiago behar dira) baita prozesu eredu berari dagokionez ere (froga baztertzailerik gabea, antzinatasunari pisu handiagoa emanez…). Iaz Nafarroako Kontuen Ganberak bere txostenean adierazi zuenez, hezkuntzako behin-behinekotasuna etengabe igotzen joan da azken urteetan eta %46koa da gaur egun.
Hortaz, aurtengo EPEa urtebete atzeratzeak behin-behinekotasuna gehiago igotzea dakar. Honetaz gain, gobernuak haur eta lehen hezkuntzako 2021ko EPEa 2022 urtera pasa nahi du, interinitatea igoz kidego honetan ere eta irakasle hauek arrazoirik gabe kaltetuz. Neurri hau ez dago inolaz ere justifikatuta. Izan ere, erkidego autonomo batzuek biak urte berean egingo dituztela esan dute.
Ehunka irakaslek hilabeteak daramatzate oposaketak prestatzen buru-belarri, batzuk baimenak eskatuta eta beste batzuk indarrean zuten kontratuari uko eginda ere, azken unean Hezkuntzak baimenik onartu ez zielako. Orain irakasle hauen egoera kolokan geldituko da, zerrendetatik kanporatuak izan ziren eta hurrengo ikasturtean ezingo dute lan egin.
Hau horrela, ELArentzat ezinbestekoa da:
- “Bizitza erdigunean” jartzea eta EPEa gutxieneko osasun eta prestakuntza baldintzak ditugunean egitea.
- 2021erako iragarrita zegoen maisu-maistren kidegoko EPEa iragarritako datetan burutzea.
- Behin-behinekotasuna jaisteko neurri eraginkor eta malguak ezartzea behingoz. Nafarroan eta sindikatuekin negoziatutako EPE alternatiboen bidez.
- EPE bakoitzean milaka irakasle interinok bizi duten egoera latza aintzat hartu eta beharrezko erantzunak ematea (EPEak kontratazio zerrendetatik desbinkulatzea, eta zerrendak etengabe irekita mantentzea urteroko birbaremazioarekin).
- Deitutako plazak bermatzea eta plaza berriak gehitzea.
ELAn argi dugu holako erabakiak hartzea borondate kontua dela, selektibitatearekin eta lanbide heziketako praktikekin gertatu den bezala. Ezin dugu onartu egoera honek langileen prekaritatea areagotzea. Irakasleek merezi dituzten babesa eta lan-baldintza duinak aldarrikatzen jarraituko ditugu.