ELAk salatzen du Nafarroako Gobernuaren inprobisazioa hezkuntzan covid19 krisiaren aurrean, ez baitu oraindik datorren ikasturterako planik aurkeztu

2020/06/05
Planik ez izateak dagoeneko irakasleentzako lan-karga handiagoa ekarriko du ezinbestean, are gehiago Departamentuak plantila handitzeko aurreikuspenik ez duenean. Hezkuntzan diru gehiago ez inbertitzeko erabaki politikoa hartzen bada, ondorio larriak jasango dituzte hezkuntzako langileek zein ikasleek.

Gaur izandako Mahai Sektorialean ez zaigu datorren ikasturterako planik ekarri, eta sindikatuoi gure ekarpenak ekainaren 15era arte bidaltzea eskaini zaigu. Ekainean gaude, berandu da eta oraindik ez da eskatu dugun negoziazioa abian jarri. Izan ere, lan/negoziazio-talde bat sortzea proposatu diogu Departamentuari datozen hilabeteak antolatzeko eta neurriak nolakoak izan behar diren zehazten laguntzeko. Hortaz, hartuko diren neurriak hartuko direla, ez dugu inoiz ezta inola ere onartuko langileen baldintzetan atzerapausorik.

Bestalde, enegarren aldiz eskatu ditugu zentroz zentroko ikasleen hezkuntza-arrakalaren datuak. Departamentuak onartu du arrakala murrizteko oraindik asko dagoela egiteko, baina gardentasun eza erakusten du informazio hau ez partekatzean gure laguntza eskaini ahal dezagun.

ELA-k Hezkuntza Departamentuari exijitzen dio ikasturte hasierako plangintza gara dezala hurrengo baldintza hauek kontuan harturik:

1.- Itzuli ahal izateko segurtasun eta osasun neurriak bermatzea.

2.- Ratioak murriztea eta honekin batera plantilla handitzea, segurtasun/osasun-neurriak eta hezkuntza-kalitatea bermatzeko. Honetarako ikastetxe bakoitzeko irakasle beharrak aztertu beharko lirateke lehenbailehen.

3.- Lehendik zegoen eta orain handitu egin den hezkuntza-arrakala gainditzea.

4.- Langileen lan-baldintzak babestea beren egoera kaltetu gabe (eskola-orduak eta ordutegiak).

5.- Ikastetxe bakoitzean erabilgarri dauden espazioak eta beste espazio publiko edo ez publikoen erabilera eta egokitzapena aztertzea eskatzen dugu.

6.- Software eta baliabide teknologiko libreen aldeko apostua egitea. Enpresa pribatu batzuek, Google-k batez ere, txollo izugarria dute orain hezkuntzan. Etekin itzelak lortzen ari dira eta ez dakigu zer egingo duten gure seme-alabengandik jasotzen ari diren datu guztiekin.