Eskerrak ugari, neurriak gutxi

2019/03/21
Oihana Goiogana, Izaskun Elizari, Rakel Laspiedea eta Alfredo Lakuntza - Hezkuntza Publikoa Nafarroa

“Irakasleei eskerrik asko” kanpainaren harira Diario de Noticiasen argitaratutako ELAren eta Hezkuntza Departamentuaren 2 iritzi artikuluei jarraipena emanez, ELAk uste du, Nafarroako Hezkuntzako bi Zuzendari Orokorrak diren Nekane Oroz eta Roberto Pérez okertuta daudela pentsatzen badute gure sindikatua aldaketaren kontra doala. Hobekuntzak ez ditugula nabarmentzen diote, kritikatuz eta itunak ez sinatuz.

 

Nola ez baloratu hobekuntzak? Harro gaude UPNren garaitik hona buru-belarri lan egin dugulako murrizketen aurka eta hezkuntza kalitatearen alde, lan horren fruitu izanik lortutako hobekuntzak. Legealdi honetan eman ditugun prentsaurreko guztietan mobilizazio eta negoziazioen bidez lortutako aurrerapausoak baloratu ditugu: hezkuntzara bideratutako aurrekontua handitzea, krisi aurreko ikasle-gela ratioetara itzultzea, ordezkapenak lehenago egitea, soldata %6 igotzea, lan osasunari dagokionez erasoak jakinarazteko protokoloa martxan jartzea…

 

Dena den, ez dugu ahaztu behar ELA ekonomikoki eta ideologikoki autonomoa den sindikatu bat dela, gizarte eta lan hobekuntzen alde sutsuki borrokatzen duena gobernuan alderdi bat edo beste egon. ELAk BPGaren %6a hezkuntzara bideratzea eskatzen zuen egungo gobernua sustengatzen duten lau alderdiak oposizioan zeudenean eta oraindik ere hori eskatzen jarraitzen du, horretarako Europako fiskalitate eredua proposatuz. Alderdi horietako batzuk hauteskunde kanpainetan %7aren alde lan egingo zutela hitz eman zuten, beraz garai hartan helburuetan bat egin genuen. Hau horrela, oposizioan egon den Aldaketaren Gobernu batengandik espero genuen ELAren izaera errespetatzea. Zuzendari Orokorrek aitortzen duten bezala ituna sinatu aurretik murrizketak leheneratzen hasi ziren, baina ez Nafarroako hezkuntzak behar duen heinean, ez beraiek hauteskunde garaian proposatzen zuten inbertsioarekin. Iruditzen zitzaigun beraz itunak izan behar zuela hasierako helburu haiek lortzeko aukera, guretzat tamalez aukera galdua izan dena: ikasketa ertainetako irakastorduen murrizketa legealditik kanpo gelditzen da, Haur eta Lehen Hezkuntzakoa eskasa da, ikasle-gela ratioak oraindik ere oso altuak dira eta Europakoetatik urrun daude, irakasleen berehalako ordezkapena ez dago bermatuta inondik inora, egungo EPE sistemek ez dute behin-behinekotasuna %6ra jaisteko aukerarik ematen…

 

Zuzendarien erantzunean badaude argitu beharreko gauza batzuk:

  • Edozeinek guk esandakoarenkin bat egiten duelarik ere, maisu-maistrei aplikatutako irakaskuntza zuzeneko murrizketak berekin ekarri du laguntza eta bikoizketak gutxitzea, ez delako horiek ordezkatzeko irakaslerik kontratatu. Edozein ikastetxera joan besterik ez da hau egiaztatzeko.
  • Zuzendari Orokorrek aitortzen duten soldata igoerarekin ere, bataz beste irakasleek izan dugun eros-ahalmenaren galera %15ekoa izan da eta ez da planteatu ere egiten berreskuratzeko aukera. Honekin batera itunpeko sareaz diote ez dutela ikasleen %40aren irakaskuntza azpikontratatua, baina beraiek ematen dituzten zenbakiek argi adierazten dute hezkuntza publikoko irakasleei %6a igo dietela eta itunpekoei %5a. Krisiaren aitzakiaz langile guztioi berdin kendu zitzaigun arren igoera ez da berdina.
  • Ez dute gogoratzen ELA aurka azaldu zenik PSN eta IEk oposaketetarako zerrenda segregatzaileak mantentzera behartzen zuen legearen aurrean, baina hemerotekara joan besterik ez dago memoria freskatzeko: legea onartu aurretik ELAk Parlamentuan zerrenda integratuaren aldeko bere proposamena azaldu zuen besteak beste, eta legea onartu bezain laster, gehiengo sindikalarekin batera gogor kritikatu zuen hau. Kritikoa izateaz gain, propositiboa ere izan zen eta oposaketa eta kontratazio zerrenden arteko desbinkulazioa aldarrikatu zuen ahalik eta eragin txikiena eduki zezan lege berriak eta bermatu zedin behin-behineko irakasleen eta ikastetxeetako plantillen egonkortasuna.
  • Mahai Orokorrean EPE proposamenak aurkezten zaizkigu sindikatuoi, alegazioak aurkezteko aukera emanez. Baina ez da benetako negoziaziorik ematen, mahai sektorialean gertatzen den bezala.

 

Bukatzeko, gustatuko litzaiguke datorren legealdian politikariek aldaketaren alde borrokatu dugunon sumisioa edo isiltasuna ez bilatzea. Ulertzen dugu ez dela batere erraza koalizio anitza kudeatzea, Erregimenaren eraso gogorrei aurre egitea… Baina oposizioan zeudeneko helburuak oraindik ere mantentzen badira eta soberanismo sozialaren alde lan egiten badugu, nahiz eta epe/erritmoetan tirabirak izan, eraginkorrena litzateke kontrabotereko sindikatuen antolaketa eta mobilizazio ahalmena aprobetxatzea helburu horiek lortzeko, inoren autonomia ideologikoa jomugan jarri gabe. ELAk ez du Aldaketaren jarraipena kolokan jartzen, baizik eta bere norabidea eta sakontasuna.