Ezarritako neurriak berrikusi eta beharrezko baliabideak ezarri ezean, dagoeneko gertatzen ari diren Covid kasuek gora egiten jarraituko dute Nafarroako hezkuntzan

2020/09/09
ELAk ikasturte hasieran egiaztatu du zenbait zentrotan ez direla betetzen Sailak berak ezarritako neurri urriak ere; hori dela eta, sindikatuak salaketak jarriko ditu Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuan.

ELAk, hezkuntzako gainerako sindikatuekin eta hezkuntza-komunitateko hainbat eragilerekin batera, hilabeteak daramatza ikasgeletara itzultzea eskatzen, itunduta, osasuntsu eta seguru. Horretarako, ezinbestekoa da ikastetxeei beharrezko baliabideak ematea, osasuna eta kalitatezko irakaskuntza bermatzeko ahalik eta neurri eraginkorrenak har ditzaten.

Ratio txikiagoak eta plantilla-igoera errealak behar dira, propaganda hutsetik harago. Premiazkoa da espazioak planifikatzea eta kontratazioa handitzea, bai irakasleei dagokienez, bai beste esparru batzuei dagokienez, hala nola zainketei, garbiketari, garraioari eta jantokiei dagokienez.

ELAk eskatu du ikastetxeek egindako kontingentzia-planak helarazteko, baina Hezkuntza Sailak oraindik ez dio informazio hori Prebentzio Batzordeari igorri. Hala eta guztiz ere, sindikatu honek dagoeneko jakin du zenbait zentrotan ezin direla gutxieneko distantzia-neurriak bermatu ere egin, eta dagozkion salaketak jarriko ditu Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuan.

Hezkuntza Sailak ez baditu egungo baliabideak handitzen, ezta orain arte ezarritako neurriak berrikusten ere, aurreikus daiteke dagoeneko gertatzen ari diren kasuek gora egingo dutela.